Denbora pasa polita dauka asteburu honetan Gudarien plazara inguratzen denak. Artisauen postuak daude bertan, jana eta edana, eskulanak, eta beste hainbat produktu. Magia postua ere bertan da, eta Nacho magoak segituan erakarriko du begia luzatzen dion lehendabizikoa.
Euskal Herriko eta beste lurraldeetako postuak daude, Castilla Leon, Castilla la Mancha, Andaluzia, Cantabria eta Extremadurakoak, hain zuzen.
Tea eta gozoak, txerrikia eta abar... ez da jatenik falta
Norbere herrietako produktuak ekarri ditu azoka honetara, eta denen artean eskaintza ederra osatzen dute. Tea eta infusioak batean, gozoarekin lagunduta, otordu batentzat hasiera polita izan liteke. Galiziatik ekarri dituzte beroan jan beharrekoak, bertan prestatuta emango dituztenak: enpanada gaziak, txorixo eta oilaskoarekin beteak, edo bolleria, palmera eta rosko erraldoiak, eta bizkotxo natazkoak eta txokolatezkoak.
Era guztietako postuak eta produktuak daude artisau azokan.
Gazia nahiago dutenek, ez dituzte falta txerrikiak: txorizo, saltxitxoi, urdaiazpiko, eta hainbat produktu gehiago, goseak dijoanarentzat tentagarri. Gazta haundi eta txikiak, freskoak eta zaharragoak... ogirik ere ez da falta.
Arinxeago gustatzen zaionari jarri dizkiote antxoa latak eta esparragoak, atuna eta beste hainbat produktu, hamaiketakorako gaizki etorriko ez direnak.
Arropak, poltsak eta abar
Jatenaz gain, ordea, artisauek beraiek egindako eskulanak ere badira bertan. Arropak eta poltsak, egurrezko kutxara, tenedore, ontzi eta abar... Pitxiak ere badira, detaileren batekin etxera joan nahi duenarentzat.
Nacho, mago berezia
Jende faltarik izaten ez duena, azoka honetan, Nacho magoa. Karta jokuekin txundituko du tranpa harrapatu nahian joaten zaiona, dudarik gabe. Eta nahi duenarentzat, karta sorta bat ere badu salgai.
Azoka, goiz eta arratsalde: 11:00-15:00 eta 17:00-22:00.