Datorren maiatzaren 10ean ibilaldi praktikoa izango da Epeleko Zapadiko putzura eta eta Itsusadiko putzura. Anfibio eta narrastiak ezagutu nahi dituenak, aukera izango du goiz pasa eginez bi adituren azalpenak entzuteko. Ion Garin eta Iñaki Sanz-Azkue Aranzadiko kideek emango dituzte azalpenak.
Goizeko 09:00etan egin dute zita, Ereñotzuko frontoian, eta bertatik mugituko dira. Bakoitzak bere hamaiketakoa eraman behar du.
Ibilaldi hau Ziraba proiektuaren barruan dijoa, eta era berean, Donostiako Ura, ibaiak eta herriak erakusketaren inguruan egin duten egitarauaren barruan ere badago.
Epeleko putzu berria, bizi bizirik
Epeleko Zepadiko hiru putzuak bizi bizirik daude. Joan den azaroaren 19an egin zituzten auzo lanean, eta geroztik landaretza hazi da eta bizidun asko inguratu dira: ingela gorriya izan zen lehenengoa, eta geroztik inguratu dira lauhankekuak, arrobiyuak, zapuak... Zaindari txikiak ere izan ditu, Txirrita ikastetxeko ikasleak, ikerlari lanak egin dituztenak aurtengo ikasturtean. Joan den astean egin zuten azken irteera putzura, eta Ion Garinen laguntzarekin azken ondorioak atera zituzten, aurten euren lagun egin dituzten putzuko bizilagunei buruz.