Orain dela bi urte eta erdi hasi zen Jon Ander Elortza erremontean jokatzen eta dagoeneko bi txapela jantzi ditu: GRAVN Txapelketan, sub 22 mailan, iaz, eta Euskal Herriko Txapelketan, joan den hilabetean. Horrez gain, azpitxapeldun izan da aurten, Gipuzkoako Txapelketan. Erremontean ondo moldatzen dela argi utzi du 20 urteko ereñotzuarrak. Euskal Herriko txapelketa Andoaingo Gaztelekuren izenean jokatu zuen, baina Galarretako eskolan aritzen da, Hernanin. Bere bikotea, Ibai Martikorena, hernaniarra ez zenez, ez zuten aukerarik izan Hernaniren izenean jokatzeko. 40-33 irabazi zuten.
Eskuz, 8 urtetatik
Elortza, erremontean azken urteetan badabil ere, pelota mundua ez da berria beretzat. Eskuz aritu izan da zortzi urte zituenetik. Hernaniko klubean ibili zen. Eskuetatik gaizki ibiltzen zen ordea, eta hainbeste urte eta gero, pixka bat nazkatu ere bai eta pelota uztea erabaki zuen: «Baina aitak ez zuen nahi kirolik egin gabe egotea eta berak bultzatuta sartu nintzen erremontean», azaldu du.
Osaba, profesionaletan ibilia
Jon Ander Elortzaren osaba, Antton Ansa aranoarra, profesionaletan ibili zen 8 bat urtez eta berarekin hasi zen probatzen: «Urnietan entrenatzen genuen. Probatzeagatik hasi nintzen eta gustoa hartu diot. Hori bai, hasieran ez nuen bat bera ere zuzen jotzen. Uztekotan ere egon nintzen, baina pixkanaka gustatzen hasi zitzaidan. Egia esan, eskuz baino komodoagoa da. Xextoa jarri eta listo, ez daukazu takoak jartzen aritu beharrik».
«Hasieran ez nuen bat bera ere zuzen jotzen. Uztekotan ere egon nintzen, baina pixkanaka gustatzen hasi zitzaidan»
Galarretako eskolan
Elortzak Oriamendiko erremonte eskolan jokatzen du, Galarretan. Denera 15 bat gazte ari direla azaldu du. Batzuk hasi berriak omen dira eta horien artean Aritz Murgiondo hernaniarra dago. Gainerakoak, Azpeitia, Donostia, Urnieta... eta ingurukoak dira. Entrenatzaile lanetan, berriz, Endika Barrenetxea Hernaniko erremontista profesionala ari da. Astean hiru egunetan entrenatzen dute, ordu eta erdiz.
Elortza aurrelaria da erremontean, eskuz atzean aritzen omen zen. Goitik hobeto jotzen diolako da aurrelaria.
Txapelketa gutxi
Erremontean jende gutxi ari dela azaldu du Elortzak eta txapelketak ere hiru besterik ez direla: «Gipuzkoakoa, Euskal Herrikoa eta GRAVN besterik ez daude. Gipuzkoakoa, gure artean jokatzen dugu, Galarretako eskolakoen artean. Eta Euskal Herrikoan eta GRAVNen gu eta Nafarroako taldekoak gaude. GRAVN orain jokatuko dugu eta finalera pasako gara zuzenean». Haundien mailan jokatuko duela uste du Elortzak, bera baita taldeko zaharrena.
Maila ona
Erremontista eta talde gutxi egon arren, maila ona dagoela azaldu du Elortzak: «Euskal Herriko txapelketan bertan, oso lehia parekatua izan zen eta polita izan zen. GRAVNen ez dakigu oraindik zeinen aurka jokatuko dugun, baina lehia estua izango dela pentsatzen dut».
Profesionaletara pasatzea helburu
Helburuen inguruan galdetuta, hasteko, GRAVN txapelketa irabazi nahi du Elortzak eta aurrera begira, debutatu egin nahiko luke pare bat urte barru edo. «Aukera badago, eskuz baino errazagoa da, dudarik gabe, baina gogoa ere jarri behar zaio. Horretan saiatuko gara. Eta noski, zortea ere behar da», dio.