Berria Txapelketaren lehen kanporaketa amaitzear da. Azkeneko bi eliminatoriak jokatuko dira asteburu honetan. Horietako bat, Hernanin, Oiartzungo Oiarpe eta Portugaleteko Izarra taldeen artean. 16:30etatik aurrera ariko dira, kiroldegiko frontoian.
Oiarpe eta Izarra ariko dira elkarren aurka, bigarren kanporaketera pasatzeko lehian
Hiru kategoriatako pelotariek jokatuko dute. Kadeteetan, Ugalde III eta Etxeberria, Oiarpekoak, Izarrako Riol eta Saenzen kontra ariko dira. Partidu estua espero da, bi bikoteek erakutsi baitute maila ona. Gazteetan, berriz, Flores eta Arzallusek (Oiarpe), Alda eta Arandiaren (Izarra) kontra jokatuko dute. Portugaletekoak dira faborito, Arandia fitxatu berriarekin. Bikote oiartzuarra, bere aldetik, bi atzelarik osatzen dute.
Eta nagusietan, azkenik, Ugalde anaiak (Oiarpe) lehiatuko dira Perez eta Jaiorekin (Izarra). Oiartzungo bikoteak du aukera gehien, aurrelaria 22 urtez azpiko onenetakoa baita, eta anaia atzelariak eskuin oso indartsua du.
Lau partidu, 4/5 txapelketan
Hernaniko 4/5 txapelketa ere jokatuko da gaur. Lau partidu izango dira. Nagusietan, Iñigo Urkizu Jon Etxegoienen kontra, eta Mikel Zurutuza Ekaitz Cisnerosen aurka. Biak goizeko 11:00etan. Eta kadeteetan, Xabat Pagola eta Endika Arizmendi (11:00etan), eta Iñigo Urruzola eta Ander Lazkano (15:00etan).