3.000 euro jokoan, Ibarraren aurka

Kronika - Erredakzioa 2014ko api. 26a, 02:00

Astigarragako Emarri taldeak giza-proba apustua egin du Ibarrako taldearekin.  Maia­tza­ren 17an izango da 22:00e­tatik aurrera, Aiako probalekuan. Aurreko astean, apirilaren 16an bildu ziren probaren nondik norakoak zehazteko eta kontratua sinatzeko. 3.000 euro daude jokoan. Proba baino bi ordu lehenago, 20:00etan izango da pisaketa.
Zortzi emakume, zortzi emakumeren aurka ariko dira, 550 kg-ko harriarekin. Hamar minutuko bi txandatan, zeinek plaza gehiago egin izango da lehia. Tartean, beste hamar minutuko atsedena izango dute. Bi taldeak batera ariko dira, saltsa gehiago sortzeko. Talde bakoitzak, plaza barruan, entrenatzaile edo laguntzaile bat eramateko aukera izango du. Federazioko giza-probatako araudiaren arabera jokatu beharko dute eta Gipuzkoako Herri Kirol Federakuntzak kontrolatuko du proba.

Aurretik, erakustaldia Oiartzunen
Hemendik aurrera, bateko eta besteko festak direla, desafio eta erakustaldiak direla, denboraldian bete-betean sartuko da Emarri taldea. Urrutira joan gabe, maiatzaren 10ean bertan, Oiartzunen erakustaldia emango dute. Gure Esku Dago egunaren barruan izango da. Kilometro bat egin beharko dute, 550 kg-ko harriarekin. Goizeko 11:00etan izango da, plaza inguruan. Eta ekainaren 1ean, Ziklobiaren barruan, Astigarragan izango dira.

Ergobiko festetatik sortua
Astigarragako giza-probako nesken taldea orain bi udara sortu zen, Ergobiko festei begira. «Ergobiko jai batzordeak apustua antolatu zuen, Astiga­rraga eta Ergobiko 8 neska Ergobiko 4 mutilen aurka. Apustu horretarako prestatzen hasi ginen, eta hortik sortu da taldea», azaldu du Eneritz Gartziak. Hasiera hartan, Ergobiko neskak izena zuen taldeak, baina urtebetera, izena aldatu zioten: Emarri jarri zioten; emakumea eta harria, eman eta harria. «Pixkanaka taldea uzten joan ziren batzuk eta Ergobikorik ez zen inor geratzen. Horregatik aldatu genion izena», dio Gartziak. Gaur egun, Astigarra­gako 4 neska, Oiartzungo 7 eta Lezoko 1 dabiltza. Entrenatzailea, berriz, urretxuarra da.
Halaxe azaldu du Karmele Irastorza oiartzuarrak: «Goizuetako desafiorako ez zutela taldea osatzen eta, guri esan ziguten ea animatuko ginen. Herri kiroletan mugitu izan gara beti, sokatiran ere aritzen gara, eta animatu egin ginen. Goizuetarako presta­tzen hasi ginen eta hemen jarraitzen dugu».

Txapelketa ordez, desafioa
Iaz, txapelketa jokatu zuten, Ibarra eta Orioren aurka. Aurten, Orioko taldea desagertu egin da eta txapelketarik gabe geratu dira. Horren ordez egingo dute Ibarraren aurkako desafioa, maiatzaren 17an.

«Txapelketarik ez badago ere, erakustaldiak eta desafioak izango dira. Guk, behintzat, segitzeko asmoa dugu»

550-600 kg-ko harriak
Giza-proban, zortzi lagunek hartu ohi dute parte: lau aurrean, bi harriaren alde banatan eta bi atzean. Arnes eta kate ba­tzuen bidez, burdinezko euskarriari lotuta egoten dira kirolariak eta beste kate baten bidez euskarrira lotzen da harria. Katearen neurria zehaztuta dago federazioaren arauetan, baina burdina nolakoa izan ez. Nahi den arinena jarri liteke. Emarrikoek, Ergobiko festetarako egin zenarekin jarraitzen dute. Harriaren pisua ere arautua dago. Neskak, 550-600 kg arteko harriekin aritzen dira. Eta parte hartzen duten kirolariek ezin dute harriaren pisua gainditu. Esaterako, 550 kg-ko harria bada, taldeko 8 kideen pisuak gehituta, ezin dute hortik pasa. Probaren aurretik pisatu egiten dira. Pisua pasaz gero, pasatako kilo bakoitzeko, bi kiloko gainkarga izaten dute.

Jarraitzeko asmoz
Aurten, emakumeen bi talde bakarrik daudela ikusita, ja­rraitzeko zaila ikusten ote du­ten galdetuta, ezetz diote: «Jaietan erakustaldiak izango dira. Txapelketa jokatzeko aukera ez dugu izango, baina hori ez da garrantzitsuena. Erakustaldiak eta desafioak izango dira eta mutilekin aritzeko ere arazorik ez dago. Guk, behintzat, segitzeko asmoa dugu».

Animatzeko deia
Astigarragako plazan entrenatzen dute Emarriko kieek. Astean bitan harriarekin ari­tzen dira eta beste egun batez fisikoa lantzen dute. Herriko eta inguruko neskei dei egiten diete animatzeko eta proba­tzera azaltzeko konpromisorik gabe. Taldean giro ederra dutela gaineratu dute eta plazetan ere oso giro polita izaten dela. Harremanetan jartzeko: emarritaldea@gmail.com.
Eta neskei bakarrik ez, mu­tilei ere egiten diete dei animatu daitezela taldea sortzera.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!