Bertsoaren haria Hernanin, bertso liburua kalean da, 750 orrialdeko liburua, 90 bertsolari hernaniar eta ezin konta ahala gertaera kontatzen dituena, herri bakar batean bertsolaritzari buruz egin den bildumarik haundiena.
Estitxu Eizagirre Kerejetak idatzi du liburua, eta Hernaniko Bertso Eskolak argitaratu du, Hernaniko Udalaren laguntzarekin. Hernaniko 90 bertsolaritik gora azaltzen dira liburuan, hasi 1800 urtean eta gaur eguneraino, Txabolategitik Eli Pagolaraino.
Igandean aurkeztuko dute liburua, 12:30etan, Biterin. Iraulio Panttalone bertso eskolak bertsozale guztiak gonbidatu ditu.
Madrilgo Estampa aldizkarian Txirritari egindako elkarrizketa, bertso inoiz argitaratu gabeak, Josefa Zubeldia bertsolariari buruzko informazioa, Zubiarraindarrak, Saiburutarrak, hainbat eta hainbat perla dakarzki liburuak.
Kronologikoki ordenean dator informazioa, garaika, eta garai bakoitzari buruzko sarrera historikoarekin; hori ere hernaniar batek eginda, Urko Apaolazak, hain zuzen.
Liburu aurkezpena, datorren igandean, 12:30etan, Biteri kultur etxean.