Aste Santuko oporraldian, ohitura den bezala, astigartar ugari joan da egun bat edo beste pasatzera herritik kanpo. Eta beste asko izan dira Astigarragara etorri direnak. Izan ere, ostatu hartzeko aukera ederra dago herrian: Astigarraga eta Beizama ostatuak, Artola, Kaxkarre eta Arraspiñe nekazalturismoak, eta Santiagomendi aterpetxea. Orokorrean, oso pozik agertu dira ostatuetako arduradunak, turista dexente ibili baita egun hauetan.
Almazenean
lo egiteko prest
Astigarraga ostatua, ostegun, ostiral eta larunbatean beteta egon dela azaldu du Kike Perezek. «Tokirik ez zegoela eta, almazenean lo egiteko eskatuz ere ibili da jendea. Oso pozik gaude. Batez ere, jai egunetan izan da mugimendua. Aste honetan jende gutxiago dabil eta eguraldi txarra zetorrela eta, jendeak lehenago egin zuen martxa. Baina asteburuari begira, mugimendua dugu berriz». Zortzi apartamentu eta zortzi gela dituzte. Batez ere jendea, estatu mailakoa izan dutela azaldu du Perezek: Katalunia, Madril, Euskal Herrikoak... Frantziakoak ere ibili omen dira. Eta jendea prezio eta kalitateagatik gerturatzen dela gaineratu du: «Donostiatik gertu dago Astigarraga eta Donostia baino merkeagoa da».
Autobusak goiz bukatu
Beizaman ere pozik daude Aste Santuko oporraldiarekin. Hala azaldu du Luis Olaizolak: «Zazpi gela ditugu eta %90-95ean izan dugu betea egun hauetan». Kasu honetan ere, estatu mailako turistak ibili dira, baina Katalunia eta Madrilez gain, Valentzia eta Galiziakoak ere bai. Batez ere, familiak izan omen dira, bikoteak seme-alabekin. «Donostia ezagutzeko asmoz etortzen dira gehienak, eta Astigarraga aukeratzen dute merkeagoa delako eta baita lasaiagoa ere. Prezioaz gain, hirigunean egon beharrean, herri txiki batean egon nahi dutenak dira asko. Hori bai, batzuk aipatu didate pena dela jatetxeak herrian hain azkar ixtea eta Donostiatik bueltatzeko autobusak hain goiz bukatzea», azaldu du Olaizolak.
Donostia eta kosta ezagutzera etortzen dira. Eta ondo jateko asmotan, pintxoak probatzera, sagardotegiak...
Kosta ezagutu eta ondo jan
Artolan bost gela dauzkate eta aurreko astean denak beteta egon dira. Pazko aste honetan, berriz, jende gutxiago dabilela azaldu du Edurne Berrak. Espainiar eta Frantziar estatuko turistak ibiltzeaz gain, korearrak ere izan dira Artolan. Normalean, turistak, aurrez ondo pentsatutako planekin etortzen direla azaldu du Berrak: «Donostia eta kosta ezagutzera etortzen dira. Eta ondo jateko asmotan, normalean. Pintxoak probatzera, sagardotegiak... asko, harrituta geratzen dira txuletekin. Baina denetik dago, beste batzuk otordu ia denak beraiek prestatzen dituzte gutxiago gastatzeko. Alde horretatik, nabaritu dut aurten egonaldi motzagoak egin direla orokorrean; bizpahiru egunekoak».
Pazko astean, umeak
Santiagomendiko aterpetxea erromesen atsedenleku izan da, azken urteetan bezala. Harkaitz Zubizarretak azaldu duenez, bataz beste, 3-4 erromesek hartu dute ostatu egunero. «Bakarka, bikoteka edo talde txikitan ibiltzen dira normalean», dio. Orain berriz, Pazko astean, aisialdi talde batek hartu du aterpetxea; Iruzun Eskaut Taldeak, hain zuzen. Bertan, ekintza desberdinak eginez, astea pasatzen ari dira 15-20 haur.