«Orain, arrautza ekologikoekin dieta konpletoa eskainiko dugu»

Kronika - Erredakzioa 2014ko api. 12a, 02:00

Lur Denokek barazki ekologikoak lantzen ditu. Bazkide eginda, saski bat jasotzeko aukera dago astero edo hamabostero. Beste hainbat produktu ekologiko ere baditu: patata, legunbreak... Hemendik aurrera, arrautzak ere bai; oilategia jarri dute.

Lur Denok elkarteak proiektu berri bat dauka eskuartean: oilategia. Barazkiez gain, arrautza ekologikoak hasiko dira saltzen eta oilategia egin dute. Hilabete barru jarriko dute martxan. 350-400 oilo inguru ekarriko dituzte eta astean, 2.000 bat arrautza aterako dituztela kalkulatzen dute. Proiek­tuaren berri eman diote Kronikari, Istekot Lizarralde langileak eta Diego Polo bazkideak. «Helburua da, Lur De­nok­ek dieta oso eta orekatua es­kaintzea, bere filosofiari jarraituz. Barazkiak, patatak, legunbreak eta beste hainbat produktu badauzkagu. Orain, arrautzekin, saskia osatuko dugu». 4 eurotara jarriko dute dozena.

Herritar guztiei irekia
NER Group taldetik sortu zen Lur Denok orain bi urte. Baratzagintza ekologikoa lan­tzen du. Eta horrez gain, beste helburu batzuk ere badauzka: utzita dauden lurrak berreskuratu, lanpostuak sortu eta elikadura ekologikoan oinarritutako kultura sortu, hau da, bertatik bertakoa kontsumitu eta garaian garaikoa.
Hasieran, NER Groupen ba­rruan zeuden enpresetako langileak ziren Lur Denokeko bazkide, baina orain irekia da. Edozein herritar egin daiteke bazkide. Bazkide izanda, aukera dago barazki ekologikoez osatutako saski bat hartzeko astero edo bi astero. Bi tamainatakoak daude: 10 eurokoa eta 15 eurokoa. Bazkide egin aurretik, hiru hilabeteko proba egin liteke. Horrez gain, beste eskubide batzuk ere badituzte bazkideek: ekin­tza desberdinetan parte hartu, baratzen jarraipena egin bertatik...
«Helburua da ahalik eta so­zio gehien izatea. Horrela, lur gehiago lortzeko aukera izango dugu eta gehiago zabaltzeko aukera. Eta noski, gehiago eragiteko aukera ere bai, elikaduran, ko­tsumitzeko ohituretan... », diote. Gaur egun, 256 bazkide dira.
Bertako eta inguruko
produktu ugari
Lur Denokek Astigarragan eta Ajan­gizen (Bizkaia) dauzka lurrak. Astigarragan 2 hektarea dauzkate, Gurutzeta edo Kabila auzoan eta bi langile ari­tzen dira. Bazkide eta boluntarioek ere laguntzen dute.
Bertatik barazkiak lortzen dituzte, baina beste hainbat produktu ere jartzen ditu bazkideen eskura Lur Denokek: pasta, es­nea, arroza, eztia, ardoa, naranjak, patatak, legunbreak, olioa... Produktu horiek ere ekologikoak dira eta km 0 filosofiari jarrai­tzen diote. Hau da, bertakoak di­ra edo ahalik eta gertuenekoak.

Oilategirako pertsona bat
Oiloak zaintzeko pertsona bat beharko luketela azaldu dute, batez ere, asteburuei begira.  Baten bat prest egonez gero, jarri dadila harremanetan: lurdenok@lurdenok.com. Bazkide egiteko ere bai. Informazio gehiago: www.lurdenok.com.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!