«Astigarragak dagokiona baino 30.000 euro gehiago ordainduko lituzke»

Kronika - Erredakzioa 2014ko api. 12a, 15:46

Astigarraga, Usurbil, Pasaia, Oiartzun, Hernani eta Lezok helegitea jarri diete San Marko mankomunitateko aurrekontuei.

Denis Itxasok San Marko mankomunitatean aurkeztu dituen aurrekontuei helegitea jarri diete Astigarraga, Usurbil, Pa­saia, Oiartzun, Hernani eta Lezoko udalerriek. Helegitearen berri eman zuten asteazkenean. Mankomunitatearen estatutuak urratzen dituztela argitu zuten. Hala azaldu zuen Andoni Gartzia Astigarragako alkateak: «PSE-PNV-PP hirukoteak, San Markoko batzarrean duten gehiengoa erabiliz, estatutuen kontrako gastuen banaketa inposatu dute, atez ateko bilketa egiten duten herriak ekonomikoki zigortuz eta edukion­tzien bidezko bilketaren emai­tza-ekonomiko kaxkarrak estaliz. Zehazki, Donostia, La­sarte, Errenteria eta Urnietan egiten den bilketa denon artean or­daintzera behartu nahi gaituzte aurrekontu hauen bidez. Denis Itxaso “zero kostean” eskain­tzen ari da bosgarren edukion­tzia, baina haren gastuak udalerri guztien artean banatu nahi ditu». Gaine­ratu zuen, Astiga­rragak, adibidez, dagokiona baino 30.000 euro gehiago ordainduko lituzkeela 2014ko aurrekontuetan oinarrituta.
Helegitea aurkezteaz gain, epaileari eskatu diote aurrekontuak atzera botatzea eta kautelazko neurriak hartzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!