Goi mailako eskubaloiaz gozatzeko aukera izan zen asteburuan Kiroldegian. Urdaibai, Musikiz, IES Construcciones eta Usurbil taldeek Estatuko Ohorezko Mailara igotzeko azken fasea izan zuten jokoan asteburuan, emakumezkoen senior mailan. Sei partidu jokatu zituzten; horietatik bi Hernanin eta lau Usurbilen. Igoera fasea igandean bukatu zen, eta Gasteizko IES Construcciones izan zen onena. Bigarren geratu ziren anfitrioiak, usulbildarrak.
«Giro bikaina izan zen»
Hernaniko Eskubaloi Taldea oso pozik dago Kiroldegian izandako giroarekin, eta hala adierazi du Kronikara bidalitako oharrean: «500dik gora lagun bildu ziren goi mailako eskubaloiaz gozatzera. Giro bikaina izan zen»
Esker hitzak ere jaso dituzte, igoera fasearen antolakuntzan emandako laguntzagatik: «Gure esku zegoen guztia egin genuen laguntzeko, eta zoriondu egin gaituzte. Bai igoera jokatu duten lau taldeak, eta baita federazioak ere. Egiten ari garen lana probintziatik haratago jarraitzen dutela erakutsi ziguten, eta federazioa, besteak beste, hasi dugun bide honetan laguntzeko prest azaldu da. Lan haundia izan bada ere, motibatuta jarraitzen dugu».