Eneko Sota, Josune Marin eta Jon Patxek saria, Euskadiko Musikari gazteen txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2014ko api. 20a, 02:00

Sotak irabazi egin zuen Akordeoiko B mailan; Marinek bigarren saria, Harizko tresnen A mailan; eta Patxek ere bigarren saria, Perkusioko A mailan.

Musikari gazteak ez dabiltza makal Hernanin. Eneko Sotak, Josune Marinek eta Jon Patxek sari bana ekarri dute Bilbotik, Euskadiko Musikari Gazteen Txapelketatik. Apirila hasieran jokatu zen txapelketa, EAEko hi­ru kontserbatorioek antola­tzen dutena. Sotak irabazi zuen Akor­deoiko B mailako sari na­gusia. Marinek bigarren saria lortu zuen, Harizko tresnen A mai­lan; eta Patxek ere bigarren saria, Perkusioko A mailan.

Guztira 104 partehartzaile
Aurten guztira 104 partehartzaile izan dira txapelketan, taldekakoak kontatu gabe. Kontser­ba­torioko piezak jo behar izan dituzte, bakarrik, hainbat epaileren au­rrean.
Josune Marinek Hernaniko Kronikari azaldu dionez, lehiaketa hauetan urduritasunari eustea izaten da zailena, ez daudelako ohituta. Berak hiru obra interpretatu zituen. Fernando Sor-en Opus 28, Villalobosen 5garren Preludioa, eta Eduardo Martinen Mirándote.

Sotak eta Patxek ere tankeran lehiatu behar izan dute, norbere musika intrumentuarekin. Guztira 12 modalitate izan dira, taldekakoak kenduta. Akordeoian dozena erdi partehartzaile izan dira, gutxi­gora­behera; perkusioan beste 7 inguru, eta gitarra, arpa eta sokazko instrumentuetan 10 partehar­tzaile inguru.
Urtero antolatzen dute txapelketa hau EAEko hiru kontserbatorioek. Txandaka egiten da, Donostian, Gasteizen, eta aurten Bilbon egin dute. Apirilaren 4an jokatu zuten txapelketa.

Hirurak dira Hernani Musika Eskolako ikasle ohiak, eta gaur egun ere musika ikasketa profesionaletan
ari dira.


Musika Eskolako ikasle ohiak
Hernaniko Musika Eskolan hasi zituzten ikasketak hiru musikari gazteok. Bertan zenbait urte eginda, orain musika ikasketa profesionaletan ari dira: Eneko Sota eta Josune Marin Do­nostiako Francisco Escudero Musika Kontserbatorio Profesio­na­lean; eta Jon Patxe Errente­ria­­ko Musikalen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!