A Tempo bikotea osatzen dute Philippe de Ezcurra akordeoi-joleak eta Maitane Sebastian biolontxelo-joleak. 10 urte daramazkite elkarrekin, eta hainbat jaialditan izan ondoren, Hernanin emango dute kontzertua gaur, iluntzeko 20:00etan hasita, Milagrosan, Hauspoz Euskal Herriko Akordeoi Elkarteak antolatuta.
Estilo guztiak: klasikoa, erromantikoa, tradizionala eta garaikidea
Errepertorio zabala dute bi musikari hauek. Obra klasikoak nahiz estreinaldiak eskainiko dituzte gaur iluntzean. Estilo klasikoko musika izango da batzuetan, eta erromantikoa, tradizionala edota garaikidea, beste batzuetan.
Guztira, 6 konpositore haundiren 7 obra joko dituzte. J.S. Bachen Sol Maiorreko Sonata, batetik: Adagio, Allegro ma non tanto, Andante eta Allegro Moderato.
Bestetik, Maurice Ravelen Ma Mére L’Oie: Pavane de la belle au bois dormant; Petit Poucet; Laideronnete, impératrice des pagodes; Les entretiens de la belle et la bête eta Le jardin féerique.
Hirugarren obra Edward Grieg-ena izango da, Peer Gynt - Suite Nº1: Le Matin, La mort d’Ase, La danse d’Antira eta Dans la halle du roi de montagne.
A Tempo bikotea osatzen dute bi musikariek.
Segidan joko dute Pablo Sarasate biolin-jole iruñar ospetsuaren Jota de San Fermín.
Azken bi konpositoreak, berriz, amerikarrak aukeratu dituzte. Dave Brubeck kaliforniarraren jazz musika joko dute lehenengo: Blue Rondo a la Turc. Eta bukatzeko, tangoan aditua izandako Astor Piazzola argentinarraren Milonga del Angel eta Muerte del Angel.
Diskoa atera berri
Hainbat jaialdi ezagunetan ibilitako bi musikari hauek orain gutxi grabatu dute lehenengo diskoa, Euphonia (Label Ameson), eta bertako pieza batzuk entzun ahal izango dira gaur.