Suziri olinpikoaren txinpartak herri osoa piztuko du gaurtik ekainera

Kronika - Erredakzioa 2014ko apirilaren 26a

Hernaniko Olinpiadak gaur hasiko dira. Goizeko 10:00etan jarri dute zita Tilosetan (euriarekin, Atsegindegin), taldeak elkartu eta egunari hasiera emateko. Egun osoko festarekin piztuko da aurtengo Olinpiadetako suziria.
2010ean berreskuratu zirenetik, hirugarren edizioa da aurtengoa, bi urtean behin egiten baita. 22 taldek hartuko dute parte edizio honetan; aurrekoan baino gu­txiagok, baina ez dira horregatik parte hartzailez exkax ibiliko! Izan ere, talde bat baino gehiago elkartu egin dira; herriko eta inguruetako gazteek elkar ezagutu dute, eta harremanak sendotzen ari dira.

Pintxandartea, psikokiller, bazkaria, O Faktorea eta musika
Ekintzarik ez da faltako gaurkoan, Olinpiadei merezi duten hasiera emateko.
Goizeko 10:00etan elkartuko dira parte hartzaile guztiak Tilosetan. 12:30ak bitartean Pintxandartea egiteko tartea izango dute. Hau da, bakoitzak taldearekin zerikusia duten estandartea eta pin­txoak egin beharko dituzte. Gero, noski, urtero bezala juezak ibiliko dira prestatutako jaki guztiak dastatu eta puntuazioak jar­tzen. Tartean, 12:00etan, psikokillerra izango da. Behin lehenengo proba pasata, bazkal­tzeko eta indarrak bil­tzeko tartea izango da arra­tsaldeko 16:00ak arte. Orduan hasiko da O Faktorea.
Talde bakoitzak bere burua aurkezteko baliatuko du O Faktorea ikuskizuna, (telebistako programa batean oinarritutakoa). Baina, horrez gain, beren abileziak ere erakutsi beharko dituzte: dantzan, kantuan, antzerkian, barre eragiten... Bakoitzak, ahal duena, baina bi minututan, gehienez ere! Eta gero eta taldekide gehiagok parte hartu, orduan eta hobeto!
Hortik aurrera, festarako tartea irekiko da. Arratsaldeko 18:00etan Olinpiaden irekiera ekitaldi ofiziala egingo da. Gero, 18:30etan txaranga aterako da herrian zehar, giroa jartzera. 21:30etan, berriz, hiru talderen kontzertuak izango dira: Tajon Prieto, Meltdown eta Oi Dek Oi! Girorik ez da faltako beraz, Hernaniko Gazte Olinpiaden lehenengo egunean. Ezta aurrerantzean ere!

Arratsaldean musikak tarte berezia izango du; 18:30etan txarangak, eta 21:30etatik aurrera 3 taldek: Tajon Prieto, Meltdown eta Oi Dek Oi!

Hurrengoa, proba klasikoa: patin lasterketa
Gaurko egunak utziko dituen agujeta eta ajeari buelta emateko tarte haundirik ez da izango, hurrengo proba asteazkenean egingo baita.
Proba klasikoa, baina baita berria ere, sorpresaren bat izango baita aurten, patin lasterketan.
Olinpiadetako proben erdiak datorren hilean
Patin lasterketa pasata, seguru sailkapenean gora-beherak izango direla, eta puntu gehiago biltzeko aukera paregabea izango da maiatzean. Izan ere, Olinpiadetan egingo diren 10 probetatik erdiak, 5, hil horretan egingo dira.
Hasteko, maiatzaren 8a kuadrigen eguna izango da. Talde guztietako partaideek erromatarren tankeran ibili beharko dute herrian barrena, halamoduzko zaldiek tiratutako kuadrigetara igo eta lantza eta geziak botatzen.
Hurrengo asteburuan, berriz, hilaren 17 eta 18an proba bikoitza egingo da. Batetik, larunbatean egun osoko egitaraua antolatu da: munduan inoiz izan den ginkana ikusgarriena egingo da Landaren; gero, bazkaria izango da, eta arratsaldean, joku erraldoiak. Igandean, bestalde, Humor amarillo telebista programa ezaguna gogorarazteko moduko saioa antolatu da.
Hileko azken proba ez da berria izango, baina aldaketa batzuk egingo dira, azken ediziotik hona. Boxleya egingo da maiatzaren 31n. «Inoiz ikusi den boxley haundiena» izango dela diote antolatzaileek. Au­rreko edizioetan Kale Nagu­sian behera eta Kontrakantxa Gaztetxetik kiroldegirako bidean egin izan da proba hau, baina aurten, Ave Maria parke osoa hartuko du.

Klasiko bihurtu diren probak ez dira faltako; ezta proba berriak ere: ginkana erraldoia, Humor amarillo, kuadriga karrera...

Ekainean azken 3 proba, San Joanen aurretik
Saltsa ederra egongo da ekainerako herrian. Olinpiadetan parte hartzen ari diren 22 taldeen puntuen arteko aldea nabarmena izango da kasu batzuetan, eta oso estua beste batzuetan. Ekaineko azken 3 probetan erabakiko da guztia.
Hileko lehenengo ostegunean, ekainaren 5ean, pin pon ruleta proba eta a capar saskibaloi jokua egingo dira. Ekainaren 14an, berriz, azken urteetan egonkortu den Ereñotzuko eguna ospatuko da. Bertan jokuak egingo dira, baina zein joku, orduan jakingo da, sorpresa eman nahi baitute antolatzaileek.
Azken eguna ekainaren 21a izango da. San Joanak baino lehen deskantsatu eta indarrak berreskuratzeko tarte gutxi egongo da, hortaz! Egun hau ospakizunetarako izango da. Olinpiaden itxiera festa ofiziala egingo da, eta horrekin batera, bazkari herrikoia eta sari banaketa.

Irizpide garbiak jarri ditu KOIek aurten, Olinpiaden oinarriak zein diren zehazteko.

Bilerak asteazkenetan
Hau guztia antolatzeko lanetan aritzen da KOIa, baina horrez gain, Olinpiadetan parte hartzen duten taldeek ere egun bat baino gehiago antolatzen dute.
Hori horrela, hainbat bilera egingo dira jokuek iraun bitartean; guztiak, asteazkenetan. Lau bilera egingo dira hemendik ekainera bitartean: maia­tzaren 14an eta 28an, eta ekainaren 11 eta 18an.

Harremanak sendotu, herria girotu, kirola egin...
Olinpiadetan egiten diren joku eta proba gehienek puntuak irabazteko balio dute, baina ez da hori Olinpiadetako helburu nagusia.
Herri osoan zehar egiten diren proba hauen bitartez, asmoa da, besteak beste, herriko koadrilek elkar ezagutzea eta harremanak sendotzea, herria bera girotzea eta herritar guztiek parte hartzeko moduko ekin­tzak antolatzea,  talde lanean aritzea, parekidetasuna bermatzea, kirola egitera bultzatzea eta aisialdia euskeraz antolatu eta goza­tzea.

San Joanen atarian bukatuko dira Olinpiadak; ekainaren 21ean.

Hori horrela, irizpide garbi batzuk jartzea erabaki du aurten KOIek. Izan ere, giro ona nagusi izan da aurreko urteetan, baina tarteka, jendea konpetizioan buru-belarri sartzen da, eta lesionatu bat baino gehiago izan da. Honekin lotuta, hain zuzen, garbi azaldu dute Olinpiaden asmoa dela konpetibitate sano bat bultzatzea. Hau da, jokuetan ahalik eta jende gehienak parte har­tzea eta paperean sartzea, baina beti ere, laguntasuna eta umorea galdu gabe. Ga­rran­tzitsuena da ondo pasatzea.
Gainera, indarrak neurtu beharko dituzte parte hartzaileek. Izan ere, San Joan jaien atarian bukatuko dira Olin­piadak, eta zaila izango da martxarekin jarraitzea San Joanetan ere!

Egutegia

GAUR, larunbata
- 10:00etan Tilosetan elkartu.
- 10:30etan Pintxandartea: Taldearekin zerikusia duen estandartea eta pintxoak egin.
- 12:00etan Psikokiller.
- 12:30etan: pintxo eta estandarteen balorazioa.
- 14:00etan bazkaria.
- 15:00etan kafea eta kopak.
- 16:00etan O faktorea: 2 minutu, abileziak erakusteko.
- 18:00etan Olinpiaden irekiera ekitaldia.
- 18:30etan txaranga herrian zehar.
- 21:30etan kontzertuak:  Tajon Prieto, Meltdown eta Oi dek Oi!

APIRILAK 30, asteazkena
- Patin lasterketa: Lasterketa mitiko, klasiko eta berria. maiatzak 8, osteguna
- Kuadrigak: Erromatarren antzera, koadrilak herrian lantza, gezi eta abarrekin.

MAIATZAK 17, larunbata
- Landaren egunpasa: Goizean munduko ginkana ikusgarriena eta bazkaria. Arratsaldean, joku erraldoiak.MAIATZAKk 18, igandea
- Humor amarillo

MAIATZAK 22, osteguna
- boleibol partiduak.

MAIATZAK 31, larunbata
- boxley:Hernanin inoiz ikusitako haundiena, Ave Marian.

EKAINAK 5, osteguna
- pin pon ruleta eta ‘a capar’ saskibaloia.

EKAINAK 14, larunbata
- joku sorpresak ereñotzun.

EKAINAK 21, larunbata
- olinpiaden itxiera, bazkaria eta sari banaketa.

BILERA EGUNAK
- MAIATZAK 14, ASTEAZKENA
- MAIATZAK 28, ASTEAZKENA
- EKAINAK 11, ASTEAZKENA
- eKAINAK 18, ASTEAZKENA

OLINPIADEN BERRI. blogean eta facebooken
- Olinpiaden berri jakiteko aukera izango da, aurten ere, Interneten. Egutegi osoa, albisteak, argazkiak, ohar eta abisuak eta Olinpik News saioa blogean argitaratuko dituzte: hernanikogazteasanblada.com.
- Facebooken ere bere tartea izango dute Olinpiadek: Hernaniko Gazte Olinpiadak.
- Bileretara joatea ere ezinbestekoa izango da, sor daitezkeen aldaketen berri jakiteko eta antolakuntza lanak banatzeko.

IRIZPIDEAK
- Taldeen arteko harremanak sustatzea (herriko taldeak nahiz inguruko herrietakoak).
- Konpetibitate sano baten alde egitea (parte hartu eta ondo pasatzea da garrantzitsuena).
- Talde lanean aritzea (talde bakoitza eta talde guztiak elkarrekin).
- Euskera sustatzea.
- Parekidetasuna bermatzea.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!