«Espainiako bandera zigor mehatxupean ezarritako sinboloa da gure erakundean»

Kronika - Erredakzioa 2014ko api. 16a, 02:00

Ikurriñari omenaldia egin zioten larunbatean, Ikurriñaren aldeko herri ekimenak deituta. Aurretik, ez ohiko Plenoa ere izan zen eta EH Bildu eta EAJ-PNVko Udal alderdiek adostutako adierazpen instituzionalaren berri eman zuten.

Herritar ugarik egin zuen bat larunbatean, Foru plazan, ikurriña  omentzeko ekitaldian. Ikurriñaren aldeko herri ekimenak egin zuen deialdia. Dantza eta  mosaiko bat egin zituzten, besteak beste. Ikurriñaren aldeko manifestuaren berri ere eman zuten: «Astigartar gehienen sentimenduen kontra, espainiar bandera Udalean jartzea derrigortzen gaituen legearen inposizioa salatzen dugu. Inposatzen zaigun banderak ez du inoiz herri hau ordezkatu; ez lehen ez orain. Espainiako bandera zigor mehatxupean ezarritako sinboloa da gure erakundean. Neurri honek astigartarren borondatearen aurrean errespetu falta adierazten du, eta askatasu­nez erabakitzeko eskubidea­ren ukapena. Inposaketen aurrean, herri gisa erantzu­tea ezinbestekoa dela uste dugu eta herritarrei dei egiten diegu dinamiketan parte hartzeko». Besteak beste, Astigarragako 15 eragile eta taldek sinatu dute manifestua.

Adierazpen instituzionala
Auziari lotuta, ez ohiko Plenoa ere izan zen larunba­tean. Bertan, EH Bildu eta EAJ-PNVko Udal alderdiek adostu­tako adierazpen institu­zionalaren berri eman zuten. H1! alderdiak ez zuen parte hartu. Adierazpen instituzio­na­lak hala dio: «Estatuko Abokatuak bultza­tuta, azke­nean 690/2013 epai irmoak Astigarragako Udala derrigor­tzen du, Espainiako bandera udaletxearen balkoian eta Udal Batzar Aretoan jartzera, apirilaren 21a izanik azken eguna. Modu honetan, Es­painiako Gobernuak astigar­tar gehienak ordez­katzen ez dituen ikurra inposatzen digu eta, halabeharrez, gure sentimendu eta nahien kon­tra, epaia betetzea besterik ez dugu». EH Bildu eta EAJren adierazpen instituzionalak bat egiten du ikurriñaren aldeko manifes­tuaren puntu nagusiekin. Zigor mehatxupe­an ezarrita­ko sinboloa dela azpima­rratu dute eta astigar­tarren borondatearen aurre­an errespetu falta adierazten duela.
Ez ohiko Plenoan, bi mozio ere bozkatu ziren, Aberri Egunaren harira aurkeztuak. EH Bilduk eta EAJk aurkeztu zuten bana, eta biak onartu ziren.


Aberri Egunean,
ikurriñak balkoietan

Bai manifestuan bai adieraz­pen instituzionalean, dei egi­ten diete astigartar guztiei etxeetan ikurriñak zabaltzeko Aberri Egunean, apirilaren 20an.
Bestalde, herri ekimene­tik gonbidapena luzatzen diete oporretan daudenei, dauden tokian ikurriñarekin argaz­kia atera eta bidaltzeko, hona: geureaikurrina@hotmail.com. Erakusgai jarriko dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!