Aste Santuaren bueltan, Bertso Eskolako lokaletik atera, eta elkarrekin asteburu pasa joaten dira urtero bertsolari gazteak. Zumaia eta Getaria artean dagoen Askizu Aterpetxean egin dute aurten ere, hiru eguneko egonaldia. 22 bat lagun elkartu dira, ikasle eta irakasle artean.
Lagunartean ondo pasa eta elkar hobeto ezagutzea izaten da helburuetako bat; bestea, bertsotan aritzea. Ikasi eta praktikatu, jo eta su aritu dira hiru egunetan. Izan ere, irakasleek aurrez landu eta prestatutako hainbat ekimenetan hartzen dute parte: jokoak, txapelketa azkarrak... Antolatzaileek egindako balorazioa positiboa izaten da urtero, gazteek eguneroko rutinatik atera, eta bertsotan aritzeko aukera ederra izaten baitute.