2013ko errenta eta aberastasuna aitortzeko kanpaina martxan da. Ekainaren 25a bitartean, hernaniarrek bi modu izango dituzte: autolikidazio proposamenak onartu edo bulegora jo eta mekanizatua egin. Diputazioak 200.000 proposamen baino gehiago bidali ditu etxeetara; eta konforme egonez gero, onartzeko bi modu daude: www2.gipuzkoa.net orrian edo bertan azaltzen den telefonora deituta. Proposamenik jaso ez dutenek, Latsunbeko bulegora jo behar dute aitorpen mekanizatua egitera. Aurrez hitzordua hartu behar da 902 100 040 telefonoan edo www2. gipuzkoa.net web orrian.
Euskeraz egiteko deia
Buruntzaldeako Udalek, tartean Hernanikoak, errenta aitorpena euskeraz egitera animatu dituzte herritarrak: «ohitura edo segurtasun faltagatik, diru kontuak gaztelaniaz egiten ditugulako, edo dena delakoagatik... Hala ere, gero eta aukera gehiago daude aitorpena euskeraz egiteko». Zehazki, hiru modu daude: autolikidazioa onartzerakoan, bulegoan mekanizatua egiterakoan edo gestorearekin hitz egiterakoan.
Herritarrak animatze aldera, sari eder bat irabazteko aukera ere jarri dute aurten. Facebooken Buruntzaldea euskaraz orriari Atsegin dut eman eta galderari erantzun behar zaio. Saria aukeran: Benito Lertxundi ikusteko bi sarrera edo Ipintzan birentzako bazkaria edo afaria.