«Erabaki dugu Euskal Herritartasunaren aldeko herri dinamika sortzea eta sustatzea»

Kronika - Erredakzioa 2014ko api. 15a, 02:00

Ez ohiko Plenoa izan zen larunbatean Udalean. Gobernu Taldeko bederatzi zinegotziek bozkatuta, Aberri Egunerako mozioa onartu zen.

Aberri eguneko mozioa eta Eu­ropako hauteskundeak az­ter­tzeko ez ohiko Plenoa deitu zuen Udalak larunbatean. Go­bernu Taldeko bederatzi or­dez­kariak elkartu ziren; oposizioko zinegotziak ez ziren azaldu. Euskal Herritarrak gara eta ozenki adierazi nahi dugu izenburua zuen mozioa aho batez onartu zuten.
Europako hauteskundeetako puntuan, hauteskundeetako mahaietako ordezkariak aukeratu behar zituzten. Or­dezkari horiek ordea, Tokiko Gobernu Batzordeak onartu behar dituela dio legeak, eta Batzorde horren esku uztea era­baki zuten. Erabakia beraz, apirilaren 25eko Gobernu Ba­tzordearen esku utziko dute. Azaldu zutenez, oposizioko al­derdiekin hitz egina zuten puntu hau, eta guztiak bat da­toz erabakiarekin.

«Dei egiten dugu Aberri Egunean ikurriña jartzeko; eta ‘Gure esku dago’ dinamikak ekainaren 8an antolatutako giza katean parte hartzeko»

Udalbiltzaren mozioa, onartuta
Udalbiltzak 2014ko Aberri Egu­ne­rako proposatutako mozioa aho batez onartu zuten Go­ber­nu Taldeko ordezkariek.
Mozioaren sarreran diote, bi aldetan, 685 udalerrietan bizi diren 3 milioi biztanleetatik gehiengoak Euskal He­rritar gisa bizi nahi duela: «gure eskubide zibil eta politikoekin bizi nahi dugu, baina zoritxarrez, ez da hori gaur egungo errealitate politikoa. Euskal Herria estaturik ga­beko herria da, eta gure bo­rondatearen gainetik, ofizialki behartuta gaude frantziarrak edo espainiarrak izatera».
2014an aukera berezia bizi­tzen ari garela diote mozioan: «alde batetik nabaria da Espainia eta Frantziaren ezezko iraunkorra... Baina hor daude ere, Europako estatu berrien sorrera, Katalunia eta Eskoziaren autodeterminaziorako erreferendumak, edo Gure esku dago bezala, Euskal Herrian sortzen ari diren ekimen arrakastatsu eta itxaropentsuak».

Bost aldarrikapen nagusi
Hori horrela, eta euskal he­rritarren egunaren gertutasuna medio, Hernaniko Udalak on­dorengo bost puntuak onartu zituen:
«1. Euskal Herritarrak garela adierazteko garaia heldu da eta ozenki esan nahi dugu, erabaki dugula Euskal Herri­tartasunaren al­deko herri dinamika sortzeko eta susta­tzeko deia luzatzea.
2. Gonbidapena luzatzen du­gu kalean zein eraikin publiko eta partikularretan euskal ikurrak jartzeko.
3. Oroimen historikoa be­rres­kuratzeko konpromisoa har­tzen dugu. Hala ere, iragana baino gehiago, oraina eta batez ere etorkizunari erreparatu nahi diogu. Horregatik, He­­rritartasun Agiri Of­izia­laren beharra aldarrikatu na­hi du­gu, eta konpromisoa azaldu na­­­­hi dugu ekimen bateratua, ofiziala eta eraginkorra sortzeko.
4. Etxarriko herriak apirilaren 13an egin zuen herri kon­tsultari babesa adierazi nahi diogu.
5. Gure esku dago ekimenak ekainaren 8an Durangotik Iru­ñara antolatu duen giza katean parte hartzeko deia ere egin nahi dugu, eta oro har, Gure esku dago herri dinamikari babesa adierazi nahi diogu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!