Hernaniko Gure esku dago taldeak lokala izango du gaurtik aurrera. Kale Nagusian dute egoitza, Zinkoeneara iristen, Alberdi harategiaren parean. Inaugurazioa edo irekiera ospakizun txikia antolatu dute gaur, iluntzeko 19:00etan. Hernaniar guztiak gonbidatu dituzte irekiera ospakizunera, «izan ere, Gure Esku Bidea, guztien esku dago».
Informazioa, materiala... egoitza berrian
Egoitzaren irekiera aprobetxatuta, epe motzera begira antolatu duten egitarauaren berri emango dute gaur. Besteak beste emango dute, maiatzaren 4ean izango den Udaberri Festari buruzko informazioa. Martxan jartzekoa duten porraren berri ere, emango dute: Etxarrenen zenbat hernaniar biltzeko gai izango gara?
Bestalde, gaurtik aurrera, hainbat informazio eta material eskuratzeko aukera izango da egoitzan: ekainak 8ko giza kateari begira prestatutako materiala eta informazio orokorra, metro salmenta, GED kamisetak... etab.