Natur eta kirol turismoa indartzea izanen da Aranoren apustua, besteak beste

Kronika - Erredakzioa 2014ko api. 12a, 02:00

Udalaren eskariz, Turismo Plana egin du Bizibiziki enpresak Aranorako. Atzo aurkeztu zuten herritarren aurrean eta herrian turismoa indartzeko, lau sektore garatu beharraz hitz egin zuten: Natura turismoa-turismo aktiboa, kirol turismoa, gastronomia turismoa eta kultur turismoa.
Halaxe azaldu zuten: «Aranok gaur egun ez du elementu fisikoetan (Herri gunea, Larriturri, errota, San Martin parrokia, meazuloak...) oinarrizko baliabiderik, baina turismoa garatzeko potentzialitate haundiko elementu asko ditu. Gainera, elementu ez-fisikoetan (hizkuntza, festak, kultura...) oinarritutako turismoak geroz eta arrakasta gehiago dute eta jende asko erakartzen dute. Herriko erdigunea eta ibilbide megalitikoak oinarrizko baliabide izatera iritsi daitezke, bertan eragiten badugu. Bestetik, natur ingurunearen ga­rrantzia azpimarratzekoa da eta turismoa garatzeko ezinbestean jorratu beharreko elementua dela uste dugu. Ekintza kulturalak, bestalde, herriko nortasuna identifikatzeko elementu dira; mantendu eta indartu beharrekoak. Batetik, herriko kohesiorako ezinbestekoak direlako; eta bestetik, bereizten gaituzten elementuak direlako. Honek turismo eskaintza berezitua sortzen laguntzen du. Azpimarratzekoak dira hizkuntza eta inauteriak».

Familiei zuzendutako, turismo aktiboa
Herritarrek bileren bidez eta azterketan azaldutakoaren arabera, Bizibizikik uste du Aranoko herriak natur turismoan oinarritutako eskaintza bideratu behar duela. «Hala ere, inguruko herriek ere natur turismoan oinarritutako turismoa bultzatzen dutela jakinda, turismo aktiboa indartzea proposatzen dugu Aranon. Eta honela, familiei zuzendutako eskaintza sortu. Modu honetan inguruko herrietatik desberdinduko da eta Arano arteko “distantzia luze” sinbolikoa gaindituko da».

«Inguruko herrietatik bereizteko eta Arano arteko “distantzia luze” sinbolikoa gainditzeko, turismo aktiboa indartu beharko litzateke»

Instituzioen eta herritarren laguntzarekin
Behin egoera turistikoa zein den ezagututa, helburu eta es­tra­tegiak zehaztu behar direla azaldu zuten. Aurrez esan be­zala, batez ere, lau turismo mo­ta indartu beharra ikusten da: natur turismoa, kirol turismoa, gastronomia turismoa eta kultur turismoa. Horre­tarako, eskaintza turistikoa sortu eta estrukturatu beharko da.  
Horrez gain, turismoa, Aranon hastear dagoen ekintza dela gaineratu zuten eta partehartze publiko eta pribatua beharko dela; hau da, Udala eta instituzioena, eta herritarrena. Turismo Batzorde bat sortzea gomendatzen dute. Eta baita eskualdeko egitura antolatzea ere, inguruko herriekin harremana izateko.

Aranoren marka zabaldu: askatasuna, lasaitasuna...
Arano gaur egun, Nafarroako gida turistikotik kanpo dago eta marketina eta komunikazioa lantzea izanen da beste pauso bat. Aranok eskualdeko marka, Urumea Arnastu, erabili beharko lukeela uste du Bizibizikik. Eta honako baloreak zabaldu: bizitasuna, natura, autentikoa, aktiboa... Eta horrez gain, beste herrietatik bereiziko dituen ba­loreak nabarmendu: Askata­su­na, isolamendua-lasaitasuna, aire garbia, bihotza, familia...
Horrez gain, inguruarekin sinergiak bultzatzea oso garran­tzitsua dela azpimarratu zuten eta horretarako beharrezkoa ikusten dute eskualdearekin eta Gipuzkoarekin lanerako aukerak aztertzea. Propo­satzen dute eskualdeko turismo mahaian eta Cederna Garalurren ere partaide izatea. Jaso daitezkeen diru laguntza gehienak ere bertatik etorriko direla diote eta kontuan hartu beharrekoa dela.

Herritarrek proposatutako ekintzak
Turismo Planak 6 atal ditu: Sa­rrera, Egoeraren diagnostikoa, Ara­noren begietatik, Nolako turismoa jasotzen du gaur egun Aranok?, Arano eta ingurua, AMIA (ahulguneak, mehatxuak, indarguneak, aukerak), eta Plangintza.
Hirugarren atala, herritarren ekarpenekin egina da. Turismo Plana osatzeko hainbat bilera egin dira herritarrekin eta bertan ateratako iritzi eta hausnarketak bildu dira. Bes­teak beste, honakoak dira herritarrek proposatutako ekintzak, turismoa indartzeko: gauez izarrak Suron ikusteko ekintzak promozionatu eta bultzatzea, behatokia eta hegaztien panelak jartzea, bainu guneak egokitzea, Aranoko euskalkia ezagutu eta erakusteko ekintzak sortzea, bisita gidatuak antolatu eta eskaintzea, autobus zerbi­tzua zabaltzea, udalekuak eskaintzea, frontoi estalia egitea, merenderoa egokitzea...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!