Gorobel mendilerroan barrena, ibilbide ikusgarria

Kronika - Erredakzioa 2014ko api. 13a, 02:00

Mendiriz Mendik hilabete ho­ne­tan proposatutako ibilbidea Bur­gos, Biz­kaia eta Araba artean dago: Sal­bada edo Gorobel mendilerroa. Al­tube mendatean hasten da, eta An­gu­lo mendaterainoko bidea du. He­goal­dean, 1.000 metro inguruko altuera duen meseta lau eta zabala du. Iparraldea be­rriz, Urduña aldera, amildegiz josia dago.
Gu Santiagomendi edo Aran­do (940 metro) mendiaren eremuetan ibiliko gara. Burgos eta Araba probintzien artean banatzen den paraje honek interes haundia du natura aldetik. Burgoseko aldea esaterako, Monumentu natural gisa izendatuta dago. Bertatik ze­harkatuko dugun pagadia zoraga­rria da.

Santiagoko iturria eta Nerbioiko ituruburua, interes puntu
Ibilbideko lehenengo interes pun­­tua Santiagoko iturria da. Sur­g­entzia karstiko bat da. Ber­tatik ateratzen den urak ibil­bide motza egiten du, berehala sar­tzen baita hobi batetik. Nerbioi ibaiaren jatorria iturri hau dela esan ohi da. San­tia­goko iturriaren inguruetan hain­bat gune atsegin daude: in­terpretazio zentro txiki bat, mahaiak di­tuen atsedentokia eta X-XIga­rren mendeko Len­gre­ritz mo­nas­terioaren arrastoak.
Hurrengo puntu interesgarria, eta agian erakargarriena, Nerbioiko iturburua da. Ura iturburu batetik kanpora­tzen du eta arrokatik barrena, ibilbide kurioso eta labur bat egiten du, ia 300 metroko desnibela duen amildegi bertikal batetik. Delikako zirkuara erortzen da. Ur-jauzia ondo apreziatzeko aukera dago metro batzuk gorago, behatoki moduko bat baitago. Baranda batez babestuta, urak zirkuaren hondoraino egiten duen jauzia ikusteko aukera ematen du. Udaberrian edo euriteen ondoren, ur asko daramanean, ikusgarria izaten da. Bertigoa duenarentzat ez da komenigarria gerturatzea, al­tue­ra sentsazioa izugarria bai­ta. Kontuan hartu behar da 286  metroko jauzi bertikala medio, Euskal Herriko ur-jauzirik handiena dela. Pirinio osoa kontuan hartzen bada bigarrena da. Gavarnieko ur-jauzia soilik da handiagoa.

Otso tranpak, bidean
Ur-jauzietatik gertu bi otso-tranpa edo lobera daude. An­tzi­nan, otsoak harrapatzeko erabiltzen ziren biak. Bat berritua dago eta otsoaren ehiza azal­tzen duten figura edo eskultura handi batzuk ditu. Otso-tranpa inbutu itxurako harrizko bi hesi handiz dago osatua. Es­tu­tzen dijoa eta zulo sakon batekin bukatzen da. Garai batean, artzainen zarata eta zakurren zaunkek bultzatuta, otsoak tran­pa hauetara erakartzea lor­tzen zuten. Otsoa bertan sar­tzen  zenean, ezin izaten zuen buel­ta eman eta goitik harriak bo­tata hiltzen zuten.

Urduña ezagutzeko aukera, ibilbide bukaeran.
Ibilbidea Urduñan bukatzen dela aprobetxatuta, herria bera ezagutzeko aukera ere izango da. Herria XIIIgarren mendean  eraiki zuten hiribildu gisa, Bizkaiko seigarren Jaunak, Lope Diaz de Harok, hiri gutuna eman zionean. Urduñako hiriaren alde historikoak kultur ondasun izaera du eta 1997an multzo historiko monumental izaera hartu zuen. Bizkaiko herriak kontuan izanda, Erdi Aroko arrasto gehien dituen herria da. Monumentu erlijioso eta zibil ugari aurkituko ditugu, hala nola: gotorlekua, herria inguratzen zuen harresiaren zati bat eta Santa Maria eliza.

Ibilbide osoa, ikusgarria
Egingo dugun ibilbidea deskribatze aldera, amildegiaren er­tzetik egingo dugu zatietako bat, eta  oso ikusgarria da. Ner­bioko kalea jarraituz, Un­tza­ga her­ritik irtengo gara. Ataka me­taliko bat pasa eta basoa zeharkatu ondoren, eskuinera egin eta pista batekin egingo du­gu topo; bidean pago handi ba­tzuen ondotik pasako gara. Atau­txi bailara­txoa ezkerrean dugula gora egin behar da, men­diaren goiko partera iritsi arte. Pista utzi eta amildegira hurbilduko gara. Aurrean Aran­do mendia dugu. Guk zirkuari buelta osoa eman behar diogu ertzaren inguruan dagoen bidezidorra jarraituz. Alan­bre he­sia­rekin babestuta dagoen bi­dea erraz jarraitzen da. Bertze­ta­ko gailerrua izango da bidean zeharkatuko dugun aurrenekoa. Bertatik, iturburu aldera, pa­noramika ikusgarria dago. Bideari jarraitu eta berehala ga­ra Nerbioiko iturburuan. Erreka gurutzatu eta beste aldera pasa behar da eta behatokira igo.
Ondoren Arando aldera egin behar da. Horretarako bi aukera ditugu. Lehenengoa: amildegiaren ertzari jarraitzea. Biga­rre­na: bostehun bat metro he­goal­dera egin eta berrituta da­goen otso-tranpara gerturatzea. Handik mendebaldera egin eta beste kilometro eskasean San­tia­goko iturrian izango gara. Hemendik igotzen da Arando mendira, eta bidean pagadi bat zeharkatu behar da. Bertan Esquina de Rubén izena duen beste behatoki bat dago eta bere alboan gailurreko gutunontzia.
Bideari jarraituz Urduña mendate aldera jaitsi behar da. PR markak jarraitu behar dira. Buelta ematen duten bi ataka pasa behar dira bidean. Mendatera ordu erdiko bidea geratzen da: pixkanaka altuera galtzen duen bidezidorra jarraitu behar da horretarako. Erre­pidea zeharkatu eta ertzari jarraitu behar zaio.
Segidan, Txarlazo edo Goldetxo (927 m) gailurrera iri­tsiko gara, ez du desnible haundirik, eta antenez josita dago. Bertan, 1904 urtean Antiguako Amabirjinaren omenez eraikitako zuhaitz formako mo­nu­mentua dago.  Pixka bat aurrerago, zatitxo bat jaitsi eta gero, Goldetxoko lepoa dago. Bi arroken artean dagoen pasabide bitxi bat da. Bertan hasten da Urduñara jaisteko bidea.
Bideak ez du galbiderik. Urduñako kanpo aldean dagoen La Antiguako santutegiraino jaitsi behar da. Hasieran malkartsua da, baina erraz jaisten den horietako bidea da. Jaisten hasi eta berehala Goldetxoko iturrira eramaten duen bidegurutzearekin egingo dugu topo. Arrokaren zulo batean dagoen iturria da. Aulkiak eta mahaia ditu, deskantsatu nahi duenarentzat. Jaitsiera gehiena pagadi baten barrutik egiten da. Santutegira iristerakoan, ez da askorik faltako ibilbidea buka­tzeko: Urduña herrira iristea.

Datu interesgarriak

Distantzia: 18-20 Km.
Denbora: 6-7 ordu.
Desnibela: 850 m.
Gailurrik altuena: Aratz (1.443 m).
Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa.
Beharrezko materiala: mendiko material arrunta.
Mendiriz Mendik maiatzak 24ean egingo du irteera hau.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!