Atez atekoarekin urtebete pasa den honetan, Zero Zabor taldea pozik dago. Hala adierazi du: «Urtebete pasa da. Emandako pausoaz pozik gaude. Astigartar bakoitzak, bataz beste urtean, 460 kilo hondakin sortzen ditugu, eta iazko apiriletik aurrera, hondakin hauen %80a birtziklatzera iritsi gara. Aurrez, %28ko birtziklatze maila genuela esan behar da. Herritar guztion konpromisoari eta lanari esker iritsi gara honaino».
«Bizimodua eta itxura
ez da hainbeste aldatu»
Atez ateko bilketa zerbitzua ezartzea erabaki txalogarria izan da Zero Zabor taldearen ustez. «Udalak ez du lan erraza izan sortu diren beldurrak kontuan hartuta. Herritarrek, erakutsi dena baino modu naturalagoan jaso dute Udalaren erabakia, eta inondik ere ez dugu uste bizimodua eta herriaren itxura hainbeste aldatu direnik», nabarmendu du.
Ondorioak, berriz, aipagarriak direla gaineratu du: «Orain urtebete, hilero-hilero, 140 tona hondakin isurtzen zituen Astigarragako herriak zabortegietan, eta gaur egun, 19 tona dira. Denok gara protagonista iraultza txiki honetan, kopuru eta % hauek denon lorpenak dira».
«Ekinean ikasiko dugu»
Oraindik ere, lurralde honetan, hondakinen gaiarekin arazo haundia dugula dio Zero Zabor taldeak. «Baina arazoa erronka bihurtu dugu eta pausoz pauso bagoaz», gaineratu du. Hemendik aurrera ere, bide horretan jarraitu behar dela nabarmendu du: «Errauste plantarik ez genuen inork etxe ondoan nahi eta behingoz auzi hau itxita dago. Hemendik aurrera, eman beharreko pausoek alde guztion partehartzea eta konpromisoa eskatuko dute».
Zero Zabor mugimenduaren helburuak ere gogorarazi ditu: «Ahalegina egitea, materialak erabili ondoren, hauek berreskuratu eta lehengai bihurtzeko. Eta bakoitza, bere etxean jakitun izan, naturak eskaintzen dizkigun baliabideak agortzeko arriskuan garela».
«Ekinean ikasiko dugu, ikastekorik dugula uste badugu behintzat», gaineratu du.