«Udalak ematen dituen datuak faltsuak dira falta den zabor erdia ez baitu datuetan sartzen»

Kronika - Erredakzioa 2014ko api. 5a, 02:00

H1!-ek dio 2013ko martxoan 204.738 kilo zabor jaso zirela Astigarragan, eta irailean, Atez atekoarekin 104.503 kilo jaso zirela. Hondakinen arazoaren alternatiba gisa, aurrena, herriari hitz eman behar zaiola nabarmendu du.

Atez ateko sistemaren urtebeteko balantzea egiterakoan, sistema nola ezarri den adieraztea oso garrantzitsua dela dio H1! alderdiak: «Astigartar asko haserretu egin da Bilduko Gobernu Batzordeak zabor bilketa sistema hau herriari hitzik eman gabe ezarri duelako, alkateak espreski egindako promesaren kontra. Horren ondorioz, herri plataforma bat sortu zen, honek 2000 sinadura jaso zituen, zabor pol­tsak zintzilikatu ziren gure herriko balkoi askotan eta protesta manifestazio haundia egin zen Joseba Barandiaran plazan. Hala ere, Bilduk, nahiz eta “demokrazia partehartzailea”ren aldekoa dela esan, Atez atekoa ezarri du, Astigarragako herriaren gehiengoaren borondatearen aurka. Ez hori bakarrik: gure herria krisialdi ekonomiko egoera larria jasaten ari den bitartean, Bilduk in­bertsio gehiegizkoa egin du sistema hori martxan jartzeko, herriko diruak alperrik gastatuz». 

Herritar arrunta zigortzen
Datu eskandalagarriak ere badireala dio: «2013ko martxoan, 204.738 kilo zabor jasotzen ziren gure herrian; irailean, Atez atekoa martxan zela, 104.503 kilo jaso ziren. Horrek zer esan nahi du? Orain zabor kopuru ia erdia jasotzen dela eta, beraz, astigartar askok zaborra beste herrietara eramaten dutela». Eta sistema berria garestiagoa dela gaineratu du: «Non da sistema ho­nen eramangarritasuna eta ja­san­garritasuna? Udaletxeak ema­ten dituen birziklapen datu­ak fal­tsuak dira, Astigarragako zabor erdi hori ez baita datu horietan sartzen. Errealitatea izkutatzea ote da modurik egokiena sortutako arazo hau bideratzeko?».
Sistemaren «oker ugariak» he­rritarrek berehala jasan behar izan dituztela ere nabarmendu du: «Deserosoa da, etxean kuboei espazio haundi bat eskaini behar zaielako. Zikina da, egun askotan hondakin organikoarekin bizi behar delako. Gure herriko kaleak zikindu eta desitxuratu egiten ditu. Eta, gainera, udaltzaingoa polizi kontrol lan itsusietara zuzentzen du. Dagoene­ko, udale­txeak hainbat herritarrei ezarri egin die isuna. Bene­tako gaizkileen atzetik ibili beharrean, herritar arrunta zigortzen da horrela». 

Demokrazia partehartzailea
Proposatzen duten alternatiba, honakoa: «Zer izango litzateke gure alternatiba? Lehen lehenik, arazo honi buruz herriari hitza ematea. Herriari aukera ematea zabor biltze sistemari buruz erabaki dezan eta baita ere, bosgarren kontenedorearen alternatiba eduki dezan, modu horretan, birziklatzeko aukera egokiago bat eskainiz. Honekin, benetako demokrazia partehartzailea egongo litzateke eta zabor biltze arazoa bideratuko genuke». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!