Donostia 2016 ekimenaren barruan Olatu Talka antolatu da azken urteetan, eta ospakizun horren barruan Ziklobia egingo da aurten, ekainaren 1ean.
Egun horretan kotxe, moto, kamioi eta motorra duten gainontzeko ibilgailuek ezingo dute erabili errepidea Hernani, Ergobia, Astigarraga, Martutene, Loiola eta Donostian barrena, goizeko 10:00etatik arratsaldeko 18:00ak arte. Horien ordez, oinezkoak, bizikletak, gupildun aulkiak, patineteak... ibili ahal izango dira, eta ibilbide osoan zehar ikuskizun eta tailerrak egingo dira. Hain zuzen, zer egin antolatzeko proposamenak biltzen ari dira, eta Udalak dei egiten die herritarrei parte hartzeko.
Proposamenak udaletxean, apirilaren 25era arte
Astelehenean bilera egin zuten Ziklobiako arduradunek Hernaniko hainbat taldetako ordezkariekin: Elizatxo ikastolako zuzendaria, udaletxeko ingurumen eta kirol teknikariak eta arkitektoa, JOCC txirrindulari taldea, eskubaloi taldea Martindegiko auzo elkartea, Zikuñagako bizilagun elkartea, Koxka eta Aztegi elkarteak...
Proposamenen artean izan ziren dantza ikuskizun bat antolatzea, Martindegin haurren txokoa jartzea, bizikleta ibilbideak egitea, ginkana bat egitea, azoka bat jartzea...
Horrelakoak eta beste hainbat jaso nahi ditu Udalak, eta horretarako helbide elektroniko bat jarri du martxan: ziklobia@hernani.net. Apirilaren 25era arte jasoko dira ideiak edo proposamenak, eta ondoren, Ziklobiako arduradunei helaraziko zaizkie. Parte hartzeko deia egin dute, «motorrak eta oinezkoak, guztiok espazio berean bizi gaitezkeelako».