Denis Itxasok San Marko mankomunitatean aurkeztu dituen aurrekontuei helegitea jarri diete Astigarraga, Usurbil, Pasaia, Oiartzun, Hernani eta Lezoko udalerriek. Helegitearen berri eman zuten asteazkenean. Mankomunitatearen estatutuak urratzen dituztela argitu zuten. Hala azaldu zuen Andoni Gartzia Astigarragako alkateak: «PSE-PNV-PP hirukoteak, San Markoko batzarrean duten gehiengoa erabiliz, estatutuen kontrako gastuen banaketa inposatu dute, atez ateko bilketa egiten duten herriak ekonomikoki zigortuz eta edukiontzien bidezko bilketaren emaitza-ekonomiko kaxkarrak estaliz. Zehazki, Donostia, Lasarte, Errenteria eta Urnietan egiten den bilketa denon artean ordaintzera behartu nahi gaituzte aurrekontu hauen bidez. Denis Itxaso “zero kostean” eskaintzen ari da bosgarren edukiontzia, baina haren gastuak udalerri guztien artean banatu nahi ditu». Gaineratu zuen, Astigarragak, adibidez, dagokiona baino 30.000 euro gehiago ordainduko lituzkeela 2014ko aurrekontuetan oinarrituta.
Helegitea aurkezteaz gain, epaileari eskatu diote aurrekontuak atzera botatzea eta kautelazko neurriak hartzea.