Hiru hernaniarrak gustora dira Madriletik ekarritako domina sortarekin

Kronika - Erredakzioa 2014ko api. 12a, 02:00

Donostiako Paco Yoldi kiroldegian elkartu gara. Entre­na­men­dua bukatu eta berehala, hantxe azaldu dira Kerman Urreta, Garoa Etxabe eta Iñigo Llopis igerilari gazteak. Martxoko azken asteburuan, Madrilen izan ziren Espainia­ko Autono­mia arteko Igeriketa Egokituko Txapelketan eta esperientziaren berri eman diote Kronikari.
Lortutako emaitzekin, gustora eta pozik daudela azaldu dute. Eta ez da gutxiagorako, 15 probetatik 11 domina ekarri baitituzte. Euskadiko selekzioarekin hartu dute parte. Hala ere, beste bi gehiago ere bazirela azaldu dute: «Espainia mailan, berez, beste domina bana ere lortu genuen Garoak eta nik, baina opena zenez, beste herrialde batzuetako igerilariek ere parte hartu zuten eta beraiei eman zizkieten dominak», argitu du Llopisek.
Etxabek 3 domina lortu zituen: urrezkoa, zilarrezkoa eta brontzezkoa. Llopisek 5 lortu zituen: bi zilarrezko eta hiru brontzezko. Eta Urretak, beste hiru: zilarrezko bat eta bi bron­tzezko. Llopisek eta Urretak aurrez parte hartu izan dute txapelketa honetan, baina Etxaberentzat aurreneko aldia zen eta urrezko domina lortzea sorpresa haundia izan dela azaldu du: «Ez nuen espero».

Euskadiko selekzioarekin
Berez, 14 kide ziren joatekoak Euskadiko selekzioaren izenean, baina azkenean, batek ezin izan zuela parte hartu azaldu dute. Taldean, autobusean joan ziren Madrilera. Ostiralean abiatu ziren eta igandean bueltatu. Madril ezagutzeko aukerarik ez zutela izan azaldu dute: «Ostiralean iritsi eta entrenatu egin genuen eta gero larunbat eta igandean txapelketa jokatu». Hala ere, oso esperientzia polita izan dela diote. Absolutu mailako txapelketan hartu zuten parte hiru hernaniarrek, bertan lehiatzeko minimak baitauzkate.
Taldeak orokorrean oso emaitza onak lortu zituen. Denera, 48 medaila lortu zituen Euskadiko selekzioak. 16 medaila paraolinpiko dituen Richard Oribe ere beraiekin izan zen eta 3 urrezko domina eta zilarrezko bat lortu zituen.

Ekainean, Murtzian
Hurrengo txapelketa ekainean izango dute, Murtzian. Ekaina­ren 13, 14 eta 15ean izango da. Kasu honetan, kluben arteko txapelketa izango da eta Kon­portaren izenean hartuko dute parte. Beste domina batzuk ekar­tzeko asmotan dira hirurak.
Hori horrela, gogor entrenatu behar dutela badakite eta horretan ari dira. Etxabek astean bitan entrenatzen du eta ordubeteko saioak izaten ditu. Llopisek, berriz, astean hirutan eta 2 orduz aritzen da. Urreta ere 2 orduz aritzen da, baina bost egunez.

Konportan ezagutu
Urreta eta Etxabe ereñotzuarrak dira. Urreta Pagoagakoa da eta Etxabe, Goiko Lastaola­koa. Llo­pis berriz, Donostian bizi da, baina Hernanin jaioa da eta familia ere badu bertan. Eza­gutu ezagutu, Konporta taldean ezagutu direla azaldu dute, nahiz eta aurrez Urreta eta Etxabek bistaz bazuten elkarren berri. «Eta gu biok familiakoak gara, lehengusu txikiak gara, baina ez genekien», diote Etxabek eta Llopisek.
Konportan, Llopisek daramazki urte gehien. Orain dela 4 urte hasi zen. Aurretik, Dordo­kan ere ibili zela dio. Urretak berriz, 3 urte daramazki. Irakasle bategatik hasi zela azaldu du. Eta azkena taldean sar­tzen Etxabe izan da. Urte eta erdi daramaki. Aurrez, Herna­nin ibili izan da igeriketan.

Igeriketan jarraitzeko asmoa
Hirurek oso gustoko dutela igeri egitea azaldu dute eta urte askoan jarraitzeko asmoa dute. Gehien gustatzen zaien estiloaz galdetuta, hirurak bat datoz: krola. Llopisek tximeleta ere gustoko du. Distantziari dagokionean, Urretak argi du, distantzia motzeko probak nahiago ditu. Gainerako biei berriz, berdin zaie.
Igeri oso ondo moldatzen direla erakutsi dute, baina igeriketa ez da dena. Beste gustoko zaletasunak ere badituzte. Llopisek futbolean aritzea gustoko du lagunekin. Etxabek be­rriz, gitarra ere jotzen duela azaldu du. Eta Urretak, jolastu ez, baina beste kirol batzuk ikustea izugarri gustatzen zaiola dio: pelota, motokrosa...

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!