Edozein ontzi hartu, barruan material fotosensiblea sartu, hau da, argiarekin erreakzionatzen duena, eta ondo itxi. Eta bukatzeko, zulo txiki bat egin, argia sartzeko eta kutxa barruan proiektatzeko. Horiek dira kamara estenopeiko bat egiteko instrukzioak. Nagore Legarreta argazkilari hernaniarrak urteak daramazki teknika honekin, munduan barrena argazkiak ateratzen. Modu primitiboa da, bai, baina argazkiek itxura berezia hartzen dutela dio Legarretak: «argazkia osatzeko denbora luzea behar da, eta gauzak mugimenduan ateratzen dira. Garbitasun falta, ahutsa eta zikinkeria ere sumatzen da prozesu honetan. Irudiak garai bateko argazkien antzekoak dira; amets puntu bat dute».
Aurreneko edizioa, agortuta
Azokak, monumentuak, hondartzak, itsasertza... biltzen ditu Edipotoa liburuak. Nagore Legarretak kamara estenopeikarekin egindako lehen argazki bildumak biltzen dira bertan. Baina argazki bilduma bat baino zerbait gehiago da Edipotoa. Bilduma bakoitzak idazle baten hitzak ditu, argazki horrek esaten diona azaltzen duten idatziak. Gorka Setien, Haizea Arregi, Lainon, Juanbau, Erauskin eta Mikel Peruarenaren hitzak irakurri daitezke.
2011ko abenduan argitaratu zen aurreneko edizioa, eta berahala agortu ziren 200 aleak. Bigarren edizioa argitaratu berri dute, eta Hernanin, Dobera Euskara Elkartean dago salgai, 10 euroan. Baita ere erosi likete Donostiako Kaxilda liburudendan eta IVASFOTen; Irungo Kabigorri aretoan; eta www.banizunizuke.com web orrian.
Kamara berriarekin Indian barrena, bigarren urtez
Ontzi zilindrikoak lehendabizi; bi ontzi haundiago ondoren; bidaiatzeko poxpolo kaja bat... eta orain, komunioko argazki kamara moldatua. Kamara estenopeika asko egin eta erabili ditu Nagorek. Argazkilariaren beharretara egokitzen diren kamarak direla dio Legarretak; azken moldaketa, Indiako bidairako egin du. Joan den irailean izan ziren Rajasthan inguruan eta aste honetan Venaresera joanak dira, munduko hiri zaharrenetakora. Ikasleekin egin ditu bi bidaia hauek Legarretak: «bidaian zehar ariketak egiten ditugu, argazkiak atera. Argazkiak gauetan deskargatu eta hiru egunetik behin proiektatu eta mahai inguruak egiten ditugu. Bueltan erakusketa jarriko dugu, argazki ederrenekin».