Udalak 684.000 euro aurreztu dituela azaldu du Gobernu Taldeak

Kronika - Erredakzioa 2014ko api. 12a, 02:00

Diru hori, hainbat inbertsio egiteko erabiliko da. Bestalde, auzi
gehienetan, Udalak epai positiboak lortu dituela jakinarazi du.

Martxoaren 27ko Plenoan, 2013ko aurrekontuaren likidazioaren berri eman zen. Aurre­kontuaren emaitza positiboa izan dela jakinarazi du Gobernu Tal­deak: 536.198 eurokoa. Eta aurrezki garbia, 684.299 eurokoa izan da. «Gobernu Taldeak egindako kudeaketa ekonomiko zorrotzari es­ker, Gipuzkoako udalerrien bataz bestekoaren gainetik gaude», azal­du dute. Krisi ekonomikoaren ondorioak jasaterakoan, As­ti­garragako Udala ez dela salbuespena gaineratu dute, baina lan eta esfortzuaren emaitza izan dela.
Diru hori, hainbat inbertsio egiteko erabiliko du Udalak, 2014ko aurrekontuetan zehaztu direnez aparte: 118.636 euro, Ergobiako herrigunean, uholdeen aurkako lanak egiteko; 92.702,08 euro, herri sarrerako eta Lizea­ga/Gartziategi bitarteko errepidea berritzeko; eta 100.000 euro, kirol instalazioetan lanak egiteko.
Gainerakoa, urtean zehar sor­­tu daitezkeen beharrei eran­tzuteko erabiliko dela azaldu du­te, adibidez, Udal Baratze Par­ke Publikoaren proiektua garatzeko.

Ubarburuko auzia, aldeko
Auzitegietatik jasotako berriak ere, berri onak izan direla nabarmendu du Gobernu Taldeak eta Udalaren etorkizun ekonomikoa asko argitu dela: «Potoloena, Ubarburu poligonoko pabiloi bat botatzeko agindua zen. Donos­tiako Udalarekin batera egindako lanari esker, baimena zuzentzea lortu dugu, eraikina botatzea saihestuz (Udalarentzat 5.000.000 euroko kostua suposatuko lukeena, erabateko cracka). Hala ere, kalte ordainei egin beharko diegu aurre, auzitegiak hala erabakiz gero: 324.209,05 euro». Zarku­men­degiko futbol zelaiaren eraikitzailearekin ere auzia irabazi dela gaineratu dute, 115.683 euroko balizko galera aurreztuz eta udaletxeko plazaren lanekin berdin, 72.329,84 euro aurreztuz. «Aurreko legealdiko kudeaketak eragindako korapilo juridikoak askatzen goaz», diote. Bestalde, 3 urtetan zor maila erdira jaitsi dela nabarmendu dute (852.630 eurokoa da) «kudeaketa politiko eta ekonomiko zentzudunari esker».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!