Aritz Irazustabarrena 17 urtez aritu da pelotan jokatzen. Iaz, kirol hori uztea erabaki zuen eta orain, mendi bizikletan hasi da konpetitzen. Nafarroako Caja Rural Kopan eta Euskadiko Openean ari da. Nafarroako Kopako laugarren proba bihar izango du, Tuteran. Elite mailan ari da eta sailkapen orokorrean, 15garren postuan dago. Euskadiko Openean proba bakarra jokatu da oraindik eta 17garren geratu zen sub23 eta elite mailak batera kontuan hartuta. Beraz, antzeko mailan dabil. Pixkanaka hobetzen, gustora dagoela azaldu dio Kronikari. Irailera arte luzatuko dira txapelketak.
Hamar aurrenekoetan sartzea helburu
Irazustabarrenak badaki zer den konpetitzea, pelotan urtetan ibili ostean. Eta gustoko du horixe. Dena dela, aurreneko aldia da bizikletan konpetitzen duela eta hasiera honetan, nola moldatzen den eta ze maila eman dezakeen ikusten ari da. Baina helburu jakin bat badu: «Helburua da aurreneko 10etan sartzea, bi txapelketetan. Horretan saiatuko naiz», dio.
Euskadikoak, teknikoagoak
Nafarroako Kopan eta Euskadiko Openean ez dagoela alde haundiegirik dio Irazustabarrenak, nahiz eta Euskadikoak teknikoagoak izan. «Orografia dela eta, Euskadiko Openeko probak teknikoagoak dira, baina orokorrean oso antzekoak dira. Parte hartzaileen aldetik ere antzeko maila dago. Bietan oso maila ona». Hala ere, maila altuena Katalunian izaten dela dio.
Astigarragako Txirrindulari Taldeko kidea
Astigarragako Mundarro Txirrindulari Taldea orain gutxi jarri da abian eta bertako kidea da Irazustabarrena. Talderik gabe ere halako txapelketetan parte hartu daitekeela dio, baina berak nahiago du taldearen babesa izan: «Klubak indarra eta laguntza ematen dizu, infraestruktura aldetik ere bai. Eta gainera, neretzat pozgarria da Astigarragako klubaren izenean parte hartzea, pelotan ere urte pila egin ditut Mundarro taldean eta asko eman dit».
Laguntza ugari
Bere lehengusua, Andoni Blazquez astigartarra, bizikletan ibilia da profesionaletan. Lesio bat tarteko, utzi egin behar izan zuen eta entrenatzaile gisa aritzen da orain. Bere anaia Beñat Blazquez ere ibiltzen da. Hortik piztu zitzaion arra: «Lehengusua ikusi izan dut eta beti tira izan dit bizikletak. Pelota utzita, bizikletarekin probatzea pentsatu nuen».
Prestatzen eta entrenatzen asko laguntzen diotela azaldu du: «Nola entrenatu, ze jan, dieta... Bestela, ez dut prestatzaile fisikorik». Eta entrenatzeko orduan ere badu laguntza: «Goizetan ibiltzen naiz normalean. Karreterako bizikletarekin entrenatzen du. Talde bat elkartzen gara: afizionatu mailan dabiltzan Jon Odriozola, Iker Arruabarrena, Asier Maeztu, Aritz Bagues... Asko laguntzen didate. Mendian gero, teknika ere bada kontuan hartu beharrekoa, baina hori ibiliaren poderioz lortzen da», dio.
Metxari su pixka bat
Irazustabarrenak 28 urte dauzka eta bere adinean, hemen, karreterako bizikletarekin konpetitzeko aukerarik ez dagoela dio: «26 urtetik gora ez dago ezer. Gazteei lekua uzteko dela esaten dute, baina ez nago ados. Ume eta gazteek zaharragoen pausoak jarraitzen dituzte eta ikusten badute bizikletan badabilela jendea, erreferentzia bat badutela, animatuko dira. Hori horrela da, kirol guztietan. Astigarragan beti izan da bizikleta zaletasuna, baina azken urteetan pixka bat itzali da. Orain berriz indartzen ari da talde berria martxan jartzearekin eta nik ere, metxari su pixka bat eman nahi izan diot. Jende gaztea animatzea nahiko nuke».
Astigartarraren esanetan gainera, bizitzarako balio duen kirola da bizikleta: «Oso sufritua da eta asko erakusten dizu. Zaintzen, psikologikoki jokatzen... Oso baliagarria dela iruditzen zait».