Santiagomendiko aterpetxeak eskaintza berezi bat dauka Aste Santurako. Apirilaren 17tik 21era, aterpetxe osoa hartzeko aukera dago, 600 euroan. Denera, 30 bat laguneko taldea sartuko litzateke.
Naturaz gozatzeko
Herritarrek ondo dakiten bezala, Astigarragako aterpetxea Santiagomendiko gainan dago, ermitarekin ondoz ondo. Bertara, batez ere, Euskal Herri mailatik etortzen direla azaldu dute aterpetxeko arduradunek. Errioxatik ere etortzen omen dira eta Madril eta Bartzelonatik ere etorri izan direla gaineratu dute.
Batez ere, ingurua eta sagardotegiak ezagutzera etortzen dira bisitariak. Horrez gain, baita familia edota lagunak elkartu eta denen artean naturaz gozatzeko eta ondo pasatzeko helburuarekin ere. Izan ere, aterpetxea osorik alokatzen da, eta jendea taldean etorri ohi da. 30-35 pertsonako aforoa du.
Aterpetxeak eskaintzen dituen abantailak asko direla azaldu dute: Hernani, Donostia, Pasaia edota Miarritze ikusteko aukera, naturak eskaintzen duen lasaitasuna, herrigunetik gertu egotea… Eta aterpetxearen inguruan, zelai zabalak, mahai eta eserlekuak, etnografi parkea... «Toki ezinhobea da lagunartean edo familian egun ahaztezin batzuk pasatzeko», diote.
Gabonetarako, ezkontzetarako...
Aterpetxea, normalean, kanpotik datozenek erabili ohi dute, baina zenbait herritarrek eta gertukoek ere ibili izan dute: Gabonetarako, ezkontzetarako... Askok ez dute etxean hainbeste lagun sartzeko aukerarik eta horretarako ere aproposa dela nabarmendu dute. Horrez gain, egin izan dira: despedidak, aisialdi taldeen udaleku irekiak, ikastaroak, asteburutako formakuntzak...
Natur Eskola, ikasleentzat
Aterpearen erreserba eskaintzeaz gain, Natur Eskola zerbitzua ere badago. Egun bateko edo bi eguneko egonaldiak izan daitezke eta programazioaren barruan antolatzen dituzte: sendabelar bilketa, paper birziklatu tailerra, ukendu tailerra, maketa tailerra, talo sukaldaritza tailerra, natur jolasak, orientazio jolasak eta gaueko gaubela. Adin tarte guztientzako dago zuzendua, haur hezkuntzatik batxilergoraino.
Erreserbatzeko: 678 914 503 edo santiagomendi.aterpetxea@gmail.com.