Añarbeko urtegian egin diren hainbat aldaketen berri eman zuten atzo, prentsaurrekoan Nora Galparsorok, Añarbeko Uren Mankomunitateko Lehendakariak, eta Enrique Noainek, Añarbeko Urak S.A.-ko lehendakariak.
5 pauso, 2011ko uholdeen ondoren
2011n jarri zen martxan proiektua, uholdeek Urumea ertzeko bizilagunengan sortutako kezka eta haserrearen ondoren. Ordutik, bost pausu garrantzitsu eman dituztela azpimarratu zuten, herritarrekiko gardentasunez jokatzeko eta informazioa denen eskura jartzeko. Azkenekoa, urtegian kamarak jartzea izan da. Lehendik ere jarrita zeuden bi kamarei beste bost gehitu dizkiete. Orain, www.añarbe.es webgunean sartzen den edonork ikusiko du, momentu errealean, zein den urtegiaren egoera, zein ate dauden itxita eta zein irekita...
Gainontzeko hobekuntzak: bizilagunei urtegiaren egoeraren parteak bidali; bisita gidatuak antolatu urtegira; ur erreserba haundia gordetzeko aukera lortu; eta ateak itxi eta ur kantitate haundiagoei eusteko aukera lortu, uholde kasuetan.
Azaldu zuten «urtegi baten helburua ez dela uholdeak ez gertatzea, baizik eta herritarrentzat ur hornidura bermatzea», baina «kezka ulertzen dugu, eta gardenak izan nahi dugu».
Portuko auzotarrak, bisitan
Dagoeneko 200 pertsona inguruk bisitatu dute urtegia arduradunen hitzetan, eta laster, Portu auzoko bizilagunak ere bertan izango dira.