Ez ohiko Plenoa eta ikurriñari omenaldia, gaur

Kronika - Erredakzioa 2014ko api. 12a, 02:00

Astigarragako Udalak Espainiako bandera jartzeko agindua du udaletxeko balkoian eta Batzar Aretoan eta horren aurrean, hainbat ekimen egingo dituzte gaur, herrian. Alde batetik, ez ohiko Plenoa izango da, 12:00etan. Bertan, EH Bilduk eta EAJ-PNVko Udal alderdiek adostutako adierazpenaren berri emango dute. Bestetik, ikurriñaren aldeko herri ekimenak omenaldia egingo dio ikurriñari, 12:30etan Foru plazan.

Dantza, manifestua,
mosaikoa, pintxoak...

Ikurriñaren omenaldia lelo honekin antolatu dute: Inposaketen gaine­tik, geurea ikurriña!!! Dantza, manifes­tua­­ren irakurketa, argazkia, mosaikoa eta pintxoak izango dira.
Besteak beste, Astigarra­gako 15 eragile eta taldek egin dute bat deialdiarekin: AEK, Aizton­do, Astigar, Astigarraga­ko Gazte Asanblada, EH Bildu, Emarri, Ernai, Gaztelokala, Goldea, Honek, Mundarro, Xaguxar, Zero Zabor, Zipotza kultur elkartea eta Astiga­rragako Herria.

Aberri Egunaren harira,
bi mozio

Ez ohiko Plenoan, bi mozio ere bozkatuko dituzte. EH Bilduk eta EAJ-PNVk aurkeztuak dira, Aberri Egunaren harira. Udalbiltzak Euskal Herriko Udal desberdinetan aurkeztu duen mozio proposamena da EH Bilduk Plenora eramango duena. Bost puntu ditu mozioak. Besteak beste, biltzen du: Euskal Herritartasunaren aldeko herri dinamika sortzeko deia luzatzea, kaleetan eta eraikinetan euskal ikurrak jartzeko dei egitea, oroimen historikoa berreskuratu eta Herritartasun Agiri Ofizialaren beharra aldarrikatzea, independentziari buruzko Etxa­rriko kontsulta babestea eta Gure Esku Dago dinamika babestea.
EAJ-PNVren mozioa oinarrian, bat dator Udalbiltzaren mozioarekin, baina hirugarren puntuan beste zehaztapen batzuk sartu ditu eta beste puntu bat gehitu du, Eusko Legebiltzarrean abian den Bake eta Bizikidetza lantaldeari babesa adieraziz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!