Extremadurako labela gurean ezagutu eta dastatzeko aukera aparta

Kronika - Erredakzioa 2014ko api. 12a, 02:00

Bi hamarkada luze dira dagoeneko Extremadurako jardunaldiak Hernanin antolatzen direla. XXII. edizioa da aurtengoa eta hainbat ikuskizun eta erakusketa antolatu dituzte hernaniarren gozamenerako. Extremadurako kultura, tradizioak eta produktuak ezagutaraztea da helburu nagusia, baita euren sustraiak aldarrikatzea ere.

Nabarmena da Hernanin Ex­tremaduratik etorritako etor­kinen kopurua, eta baita ere Extremadura­ko familia duten hernaniarren kopurua. Arrazoi desberdinen ondorioz jaioterria utzi eta gurera etorri ziren asko. Gaur egun, urtero antolatzen dituzte Extremaduraren Inguruko Jardunaldiak, be­raien sustraiak sendotzeko eta lurralde horretako tradizio eta bizimoduen berri emateko .
Hori jakinda, ez da harri­tzekoa urtero Atsegindegira gerturatzen den jendetza; izan ere, lehen mailako produktuak eta ikuskizunak eskaintzen dira bertan, eta usain eta zapore ezberdinak gozatu eta dastatzeko aukera izaten da. Igan­de goizean izaten den jende pila ikusgarria dela dio Santi Gilek, Donostian egoitza duen Extremadurako Kultur Etxeko presidenteordeak. Zaila izaten omen da taberna eta postuetako bezero guztiak zerbitzatzea.
Oran 22 urte inguru bururatu zitzaien Santi Gil eta jatorri bereko hainbat lagunei, gisa horretako ekitaldiak antola­tzea. Donostian eta inguruko herrietan bizi ziren extremadurarrak urtean behin elkar­tzeko aitzakia egokia zen hori. Hala, Donostian, Urnietan eta Irunen ere egin izan dituzte, eta egiten dituzte antzeko ekimenak. Udaletxe ezberdinen laguntza izaten dute instalazioak erabili eta oholtza muntatzeko, baina Santi Gilen arabera, benetan aipagarria izaten da jendearen inplikazioa.

Caceres eta Badajoz sentitu, dastamenaren bidez
Erakusketan eta postu ezberdinetan probatu eta ikusi ahal izango ditugun produktuen artean ikusgai eta salgai izango dira, besteak beste, Caceres eta Badajozen landu eta landatzen diren eztia, patatak, zerealak, sagarrak eta beste hainbat eskulan. Extre­madurako gastronomiak fama handia du mundu mailan eta ezagunak dira horien artean, esaterako, baratxuriarekin eta ogiarekin egindako salda, edota torrija bezalako azkenburu edo postreak. Eta nola ez, Jerte haraneko gereziak eta txerriki iberikoa.

Egitarau anitza
Larunbat arratsaldean hasiko da festa Biteri Kultur Etxean. Bertan Extremadurako tradizio kultural eta gastronomikoaren inguruko hainbat film ikusteko aukera izango da. Hitzordua arratsaldeko 19:30­etan izango da.
Igandean, aldiz, Atsegin­degi izango da jaiaren epizentroa. Produktu eta eskulanak egongo dira ikusgai eta salgai, eta ondoren dantza ikuskizunak izango dira Donostiako Extremadurar Zentroko Virgen de Guadalupe taldearen eskutik. Bi emanaldi zehazki; bat 13:00etan eta bestea 18:00etan.
Aitzakia ona beraz asteburukoa, Hernanitik atera gabe, beste lurralde bateko kultura ezagutu eta bere gastronomia dastatzeko.

EGITARAUA

Larunbata
19:30 Extremadurari buruzko bideoak Biteri kultur etxean.

Igandea
10:00 Extremadurako jaki gastronomikoen erakusketa.
Las Hurdeseko eta Guadalupeko esku langintzako erakusketa.
Liburuen postua eta turismo propaganda

13:00 eta 18:00 Donostiako Extremadura Zentroko ‘Virgen de Guadalupe’ dantza taldearen emanaldia.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!