Dantzari Txiki Eguna ospatuko da gaur XIX. Dantzari Festaren barruan, eta gaurko egunarekin bukatuko da jaialdia. Gipuzkoako 7 dantza taldetatik etorritako dantzari gazteak ariko dira gaur dantzan herrian barrena, bi saiotan.
Eguerdian, Ttarla
Ttarlako dantzariak bi saiotan aterako dira gaur kalera. Eguerdiko 12:30etan egingo dute lehenengo buelta, dantzari txikienek. Herriko erdigunean aterako dira kalejiran, eta geldialdiak egingo dituzte dantza emanaldi motz batzuk eskaintzeko.
Gipuzkoako 7 dantza talde, arratsaldean
Arratsaldean dantzari txiki eta gazteak ikusteko bigarren saioa izango da. 17:00etan aterako dira Kaxkoan barrena, Gipuzkoatik etorritako 7 dantza taldetako dantzariak: Donostiatik, Trebeska eta Eskola etorriko dira; Errenteriatik, Ereintza; Irundik, Egoipar Meaka; Zizurkildik, Bukalai; Astigarragatik, Astigar; eta Hernanitik, Ttarla. Herrikoak, beraz, bitan aterako dira bihar dantzara.
Erromeria, Jeiki Hadirekin
Eguna eta jaialdia bukatzeko, erromeria ere izango da bihar, arratsaldeko 19:00etatik aurrera Plaza Berrin. Jeiki Hadi taldeak gidatuko du azken dantzaldia.