Udaleko Turismo Sailak 3 proposamen prestatu ditu hernaniarrentzat, Aste Santuko oporraldirako. Horietako bat, iganderako: Sagar Martxa. Beste biak, berriz, ostiral eta larunbat santurako dira.
Sagar Martxa, igandean
Etzi Sagar Martxa egingo da. 09:30etan jarri da elkartzeko zita Gudarien Plazan, eta Portu auzora abiatuko dira ibilbidea bertatik hasteko.
Ibilbide erraza da, 8,6 km-takoa (2 ordu inguru), umeekin egiteko modukoa. Portutik Osiñagara joko da, eta Oindiren babesean, baserri eta sagardotegien inguruan egingo da buelta: Loidi, Pardiola, Lastaola-berri, Elorrabi, Iparragirre, Altzueta... Akarregi sagardotegian gosaltzen (norberak eramandakoa) bukatuko da irteera.
‘Hernani, Erdi Aroa eta sagardoa’ paketea, eta trena
Ostiral santuan, hilak 18, euskeraz, eta larunbatean, hilak 19, gaztelaniaz, doaneko paketea eskainiko zaie hernaniarrei: Hernani, Erdi Aroa, sagardoa. 10:15etan Biteriko turismo kasetan hasi, eta bi ordu eta erdiko bisita gidatua egingo da kaxkoan. Ondoren, Tren Berdean sagardotegi batera joan eta sagardoa dastatzeko aukera izango da. Guztia doan, baina aurretik izena emanda. Apirilaren 15ean bukatuko da epea: 943 33 70 28 / gurutze-a@hernani.net.
Bestalde, ostiral santuan, doan baina aurretik tiketa hartuta, Tren Berdean ibiltzeko aukera izango da; 23 minutuko paseo polita, herrian zehar. 16:45etan eta 17:45etan euskeraz, eta 17:15etan gaztelaniaz.