«Nire eztiak ez du sekreturik, erleek dute meritua»

Kronika - Erredakzioa 2014ko api. 10a, 02:00

Hirugarren aldiz, Gipuzkoako ezti onenaren saria jaso du Juan Galdeanok. 81 urteko hernaniarraren ezti argia saritu  dute Zegaman, akaziarekin soilik egindako eztia. Espe­rien­tziari eta urteetako lanari errekonozimendua da saria. Izan ere, Galdeanori txikitatik da­torkio zaletasuna. Hiru txapel eta bederatzi bat trofeo gorde­tzen ditu etxeko bitrinan, kalitatezko eztia egiten duenaren seinale guztiak. Truko, sekretu edo mirarik ba ote dagoen galdetuta, erleei ematen die meritua erlezain hernaniarrak: «jarraipen bat egin behar zaie erleei eta noski, denbora ondo kalkulatu. Bi gauza izan behar dira kontuan: batetik zein eguraldi egiten duen; eta bestetik, eztia noiz bildu behar den. Hori da nire betebeharra; beste meritu guztia erleena da».

Zazpi zonaldetako ezti onenak, Gipuzkoako txapelketan
Gipuzkoako Txapelketara sailkatu aurretik, Donostian aurkeztu behar izan zuen Gal­dea­nok ezti onena; beti, argia aurkezten du.  Bertan, mota bakoi­tzeko hiru onenak aukeratu eta Gipuz­koako Txapelketara sailkatu zi­ren; tartean zen, Galdeanorena. Zegaman jokatu zen txapel­keta igandean, eta 7 zo­naldetako eztien artean izan zen lehia. Mota bakoitzeko 21 bat eztik hartu zuten parte, eta aipatu bezala, argien atalean eman zioten Galdeanori, onenaren saria.

«Lehenengo eztia, argia, akaziarekin egiten dute; eta gero hasten dira beste mila lore nahasten

Ezti argia, lortzen zaila
Akaziarekin soilik egindako eztia lortzea ez omen da erraza, baina Galdeanok nonbait, hartua dio trukoa: «eguraldiak markatzen du prozesu guztia. Akazia loretan egoteko eguraldi ona, goxoa egin behar du; aurten, hilaren azkenerako loratuta egotea espero dugu. Le­henengo eztia lore honekin egi­ten dute erleek, eta besteekin nahastu aurretik bildu behar izaten zaie. Izan ere, udaberriak eta udak aurrera egin ahala, beste loreekin na­hasten dute. Nahasketa horre­ta­tik atera­tzen da, izenak be­rak dioen moduan, mila loreko eztia». Eguraldia aproposa izaten bada, aurreneko eztia maiatzerako eginda egoten dela dio Galdeanok eta abuztu aldera kentzen omen diote.

Liztor asiarra, atakean
Etxean eta inguruko terrenoetan ditu Galdeanok erleak. Guztira 20-14 bat ehultza dituela azaldu dio Kronikari. Liztor Asiarraren inbasioak eraginik izan duen galdetuta, orain bi urte pestea izan zela dio erlezainak: «joan den urtean udaberri txarra, hezea joan zen, eta de­nean nabaritu genuen; ez­tian, erleen lanean... eta liztor asiarra ere gutxiago gerturatu zen. Orain bi urtekoa ordea, pestea izan zen; zer zen hura! Erleak hara eta hona dabiltzanean harrapatu eta jan egiten dituzte; eta baita eztia ere... Erleak bildurtuta ibiltzen dira, eta ez zute lanera atera nahi... Aurten ere hasi da mugimendua. Orain egun gutxi 17 bat liztor asiatiko atera nituen etxe ondotik; aurrekoan 12... Ez dakit erremediorik baduen, baina erleen kasuan, galera haundia da».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!