Bapateko bertsoa alde batera utzi eta idatzizkoak kantatuko ditu Amets Arzallusek ostegunean, Joxan Goikoetxea lagun duela. Bertsoa eta testua, eta musika. Ideia baten inguruan aritzeko: ihesa. Emanaldiak ere izena halaxe du: Ihes.
Emanaldia, ostegunean, 20:00etan, Biteriko Areto Nagusian. Sarrerak ere Biterin daude salgai, 7 euroan.
Emanaldia funtsean ihesari buruz ari da. Amets Arzallus: «ihes egiteko motibo asko ematen ditu munduak...».
Ihesi nator. Ihesi zoaz...
Funtsean Ihes hitzaren zentzu guztiak errepasatuko dituzte. Amets Arzallus: «ihes egiteko motibo asko ematen ditu munduak, bai hurbilean eta bai urrunean. Motibo horietako batzuk aukeratu eta zenbait erretratu atera ditugu».
Pertsonei buruz ari dira funtsean. «Ihesi nator. Ihesi zoaz. Ihesi goaz. Ihesi doaz. Sentimenduetatik ihes. Oroitzapenetatik ihes. Ekintzetatik ihes. Beldurretatik ihes. Giza arriskuetatik ihesi. Arrisku naturaletatik ihesi. Latza».
Bi artistek elkar ezagutu zuten Sortuko dira besteak ikuskizunean, eta hortik atera zen proposamen hau. Goikoetxeak lehen ere bertsolariekin lan asko egin izan du, Amuriza, Euzkitze, Agirre eta Irazu, edo Hitzetik Hortzerako telebista saioa, esaterako. Orain Arzallusekin osatu du bikotea.