Aste Santuan ere bisitariek ez dute ahaztu Hernani

Kronika - Erredakzioa 2014ko api. 20a, 02:00

Txotx denboraldian zehar 130 bisita gidatu egin dira Hernanin, eta Aste Santuan ere bisitaririk ez da falta Hernanin. Hernaniko aterpeak beteta daude.

Aste Santuan hernaniarrak kanpora ateratzen dira, baina badira Hernanira etortzen di­ren kanpotarrak ere. Txotx denboraldian bisitari asko izan da, baina Aste Santuan ere bisitariek ez dute ahaztu Her­nani. Pardiola nekazal tu­ris­moa eta Txintxua Hotela bete egin dira, ia urtero bezala, eta Pazko Astean kontua lasai­tu egingo dela diote.

«Sagardoaren kulturak bisitari asko erakartzen du. Sagarrak eta sagardoak herri honetan izan duen garrantziak interes haundia pizten du»

Bisita gidatuek eskari haundia
Aste Santuko eskaintzan bete betean harrapatu dugu Maria Eizagirre, Hernaniko Turismo Bulegoko langilea. Bisita gida­tuek aurten sekulako tiradizoa izan dute, eta 130 inguru egin omen dituztela adierazi dio Kronikari. «Ia astebururo izan ditugu. Kanpotik etortzen den jendeak, normalean sagardo­tegira joateko plana dau­katenak, aurretik animatu eta bisita gidatua egiten dute», dio Eizagirrek. Trenean ibili eta kata gidatua egiten dute­nak ere dezente dira.
Jendeak oso gustora egiten du bisita gidatua, eta harrituta geratzen dira Hernaniko Kax­koa­rekin eta historiarekin, «Kaxkoko zenbait jauregik aten­tzioa ematen die, eta baita harmarriek ere. Beste gauza bat bada, kanpotarrak harri­tuta geratzen direna, Kaxkoko Karkaba zaharra». Jakina denez, Kardaberaz eta Kale Nagusiaren artean beste kale bat bazen lehen, eta oraindik ere hortxe dago. Baina kurio­soa bada ere, hernaniarrak harritzen dira gehiena Herna­niko Kaxkoarekin, «hernania­rrek ez dakite zenbateko balioa duen Kaxkoak».
Sagardoaren kulturak era­kartzen du jendea Hernanira, Eizagirreren esanetan, «lehen­go legeak nola ziren azalduta kanpokoak eta bertakoak ha­rritzen dira. Garai batean sa­ga­rrondo bat haustea heriotza zigorrarekin ordaintzen zen. Pentsa ze toki hartzen zuen sagardoak gure herrian».
Bisita gidatuez gain, aurten Tren Berdeak ere arrakasta izan du. Aurten trenean gehien ibili direnak Hernaniko gazte­ak izan omen dira, euro baten truke buelta egin dutenak.

Maria Eizagirre, turismo langilea: «Adibidez, kanpotarrak harrituta geratzen dira Hernaniko Kaxkoko Karkaba zaharrarekin»

Kataluniarra aurten ere, inor baino gehiago
Aurten ere Aste Santuan Ka­taluniatik etorri da jende gehi­ena. Madrildarrek ere as­ko direla adierazi diote Kro­ni­kari Pardiolak eta Txintxuak, baina badira beste herrialdee­takoak ere. Txintxua Hotelean Castilla la Manchako jendea ere ba­dau­kate, eta baita Zara­go­zakoa ere. Aste Santua ona izaten da Hernanin, eta hau bukatuta, espero dute udara iazkoren antzekoa. Txintxuara Holanda eta Frantziatik ere etorri omen ziren iaz, besteak beste. yy

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!