Gipuzkoako Foru Aldundiak 2013ko urrian jarri zuen martxan Gipuzkoako autobus zerbitzua aldatzeko parte hartze prozesua. Zerbitzu horiek emango dituzten enpresentzat lehiaketa publikoa martxan jarri beharra zegoen, eta hori aprobetxatuta, herritarren beharrak zerbitzu berrietan kontuan hartzea erabaki zen.
Guztira, 56 herrik hartu dute parte prozesuan, eta horien artean, Hernanik. 275 pertsona gerturatu dira bileretara Buruntzaldean eta Tolosaldean, eta 902 inkesta bete dituzte.
Bilera eta inkesta horietan herritarrek egin dituzten eskaerak kontuan hartuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak autobus zerbitzua aldatzeko proposamenak egingo ditu orain. Hernanin, ostegun honetan izango dira, 18:30etan Biterin. Behin proposamenak eginda, herritarrek beste aukera bat izango dute beren iritzia emateko, bai bileran, bai posta bidez, edota Interneten ere. Jasotako iritzi guztiak bilduta, azken txostena urte bukaerarako prestatuko dute, eta berrikuntzak 2015etik aurrera martxan jartzea espero dute.
Ospitalera doan linea zabaltzea eta gauetako zerbitzua hobetzea, eskaeren artean
2013ko urrian martxan jarritako prozesu honetan 1050 pertsona inguruk hartu dute parte, Buruntzaldea-Tolosaldeako, Goierri-Urola Garaiko, Debabarrenako, Urola Kostako, eta Debagoienako 56 herritakoak, eta guztira, 3.300 ekarpen baino gehiago egin dituzte.
Horien artean gehienetan errepikatu direnak izan dira, besteak beste, autobus zerbitzuen inguruko informazioa hobetzea, autobusen arteko lotura hobetzea, asteburuetan gauetako zerbitzua hobetzea eta herrietako festak kontuan hartzea zerbitzua haunditzeko, hezkuntza zentroetarako loturak gehitzea eta ikasleen ordutegietara moldatzea, segurtasun arazoak edo markesina falta duten geltokiak txukuntzea, ospitaletara doazen autobus lineak hobetzea (bai Donostiakora, bai Zumarragakora eta baita Mendarokora dijoaztenena) eta Mugi/Lurraldebus txartel bakarra EAE edo Euskal Herri osorako baliagarria izatea.
Bestalde, Buruntzaldea-Tolosaldeako herritarrek egindako beste eskaera nagusi bat izan da jende gehien mugitzen den orduetan zerbitzua haunditzea, autobusak gainezka joaten direlako.
Aldundiaren aurreproiektua
Gipuzkoako Foru Aldundiak autobus zerbitzua hobetzeko herritarren proposamenak jaso ditu, eta martxotik apirilera bitartean herriz herri ari da aurkezten proposamen horiek kontuan hartuta egindako aurreproiektua. Ostegunean Biterin izango dira, arratsaldeko 18:30etan.
Bileran aurreproiektua aurkeztu eta azalduko dute. Baina etxeetara bidali dituzte, dagoeneko, aurreproiektuan jasoko diren aldaketak. Guztira, 15:
1) Tolosa-Villabona-Donostia (zuzena) linea bere horretan mantentzea: ordu erdiro, eta Donostiara Antiguatik barrena sartuta.
2) Tolosa-Villabona-Donostiako Ospitalea (zuzena) lineak egunean 7 zerbitzu egitea joanekoan eta beste 7 etorrerakoan, eta Amaratik sartzea.
3) Tolosa-Irura-Villabona-Andoain-Lasarte Oria-Donostia linea, asteko egunetan, 06:00etatik 21:45etara ordu erdiro egotea, baina Andoainen ez sartzea, horrela, ibilbidea mozteko, eta asteburuetan orain arte bezala mantentzea.
4) Andoain-Donostia (zuzena) linea berria sortzea, 06:00etatik 22:00etara orduro ibiliko dena.
5) Andoain (Sorabilla)-Lasarte Oria-Errekalde-Ospitalea linea berria sortzea, 07:00etatik 22:00etara orduro ibiliko dena.
6) Lasarte Oria-Donostia (Antiguatik) linearen maiztasuna haunditzea.
7) Lasarte Oria-Donostia (Amaratik) linea bere horretan mantentzea.
8) Usurbil-Zubieta-Urbil-Lasarte Oria-Errekalde-Hernani linearen orduroko zerbitzua mantentzea 07:00etatik 21:00etara.
9) (Aginaga)-Usurbil-Lasarte Oria-Ospitaleak-Astigarraga (Martindegi) lineako maiztasuna mantentzea baina Oriako geltokiak kentzea (beste zerbitzu bat jarriko da bertakoentzat).
10) Hernani-Astigarraga-Martutene-Donostia erabilera haundiko momentuetan berdin mantentzea (ordu erdiro) eta gainontzean orduro egotea.
11) Hernani-Astigarraga-Donostia (Amaratik) linea 20 minuturo jartzea.
12) Hernani-Aiete-Donostia linea ordu laurdenero mantentzea.
13) Andoain-Urnieta-Hernani-Donostia berdin mantentzea baina Andoainen Sorabilla auzotik abiatzea.
14) Hernani-Pikoaga linea taxi/bus zerbitzua bihurtzea eta eskariaren arabera funtzionatzea.
15) Urnieta-Hernani-Galarreta-Ospitaleak (Amara, Pio XII) lineak zerbitzua 45 minuturo ematen jarraitzea, baina Andoaindik atera beharrean, Urnietatik ateratzea, eta ospitaletik Amarara joatea Eusko Tren eta autobus geltokiarekin konektatzeko.
Behin betiko proiektuaren aurkezpena, urte bukaeran
Aldundia orain aurkezten ari dena aurreproiektua da; herritarren iritziak kontuan hartuta egindakoa. Berriro ere herritarren iritziak jasoko dituzte, proiektu definitiboa osatzeko. Gero, autobus enpresen lehiaketa irekiko da, eta behin hori zehaztuta, proiektua herritarrei azalduko zaie urrian, eta martxan jarriko da 2015 hasieran.
PARTE HARTZEKO MODUAK
Nola eman iritzia Aldundiaren proposamenen inguruan?
Apirilaren 15era arte iritzia emateko aukera izango dute herritarrek hainbat modutan.
Batetik, bete etxean jasotako inkesta, aurreko fasean herritarrek emandako iritziei Aldundiak emandako erantzunen ingurukoa, eta entregatu autobusetan edo udaletxean jarritako postontzietan, edo bidali postaz helbide honetara: Mugikortasun departamentua, Miramon Pasealekua 166, 20014 Donostia.
Bestetik, webgune honetan ere inkesta on-line betetzeko aukera dago, eta prozesuaren inguruko informazio guztia jaso daiteke:
www.garraioahobetzen.net.
Parte hartzaileen artean Mugi/Lurraldebus txartela kargatzeko 20 euroko bonoak zozketatuko dira.
HERNANIARREN ESKAERAK
Asteburuetako ordutegia luzatzea eta linea desberdinak koordinatzea, eskaeren artean
Ostegunean, 18:30etan Biterin, azalduko ditu Aldundiak hernaniarren eskaerei zein erantzun emango dizkien.
Hernaniarrek egindako eskaerak kontuan hartu dira, eta parte hartze prozesu honen 3.fase honetan, berriro ere iritzia emateko aukera izango dute herritarrek, Gipuzkoako Foru Aldundiak proposamenak egingo baititu, orain arteko iritziak aintzat hartuta.
Egindako eskaeren artean daude, besteak beste, asteburuetako ordutegia luzatzea, G1 eta A1 lineak eta G1 eta G2 lineak koordinatzea, Galarretatik pasatzen diren beste garraio zerbitzuekin koordinazioa egotea (T2 eta T6 lineak), inter urbanoak herriko auzoetatik pasatzea, geltoki eta markesina batzuen egoera hobetzea, Hernani-Pikoaga linearen maiztasuna hobetzea, ordu puntetan zerbitzua zabaltzea eta Errekaldeko geltokiaren egoera hobetzea, arriskutsua baita.
Ostegunean, Aldundiaren proposamena
Ostegun honetan aurkeztuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak autobus zerbitzuan aldaketak egiteko aurreproiektua, eta hernaniarren eskaerei ere erantzuna emango die.
Adibidez, proposatuko du ostiraletan gaueko 01:00ak arte luzatzea G1, G2, A1, eta A2 lineak. Era berean, A1 eta G1 lineak koordinatzeko, A1 linea orduro egongo da, erabilera haundiko orduetan izan ezik (orduan, orain bezala, ordu erdiro egongo da). Galarretan ere geltokia jarriko da, T2 eta T6 autobusena.
Geltoki eta markesinen diagnostikoa ere egiten ari da Aldundia, hauen egoera hobetzeko. Autobus inter urbanoak (herri artekoak) auzoetatik pasatzeko, berriz, autobus urbanoekin (herri barrukoekin) koordinatuko dute. Hernani-Pikoaga lineari dagokionez, taxi-bus bihurtuko da; eskariaren arabera funtzionatuko du.
Azkenik, ordu puntetako zerbitzua egokia dela dio Aldundiak, eta Errekaldeko geltoki arriskutsua dela-eta, Hernani-Usurbil linea erabiltzeko dio.