«Abertzale garen guztiok alderdikeriak utzi eta ikurriñaren alde, aldarri bakarra egin beharko genuke»

Kronika - Erredakzioa 2014ko mar. 29a, 01:00

Espainiako banderaren auzian, EH Bilduk babesa erakutsi nahi dio Udalari, herritarrak zoriondu herri ekimenagatik, eta oposizioari bat 
egiteko eskatu, «inposaketaren aurrean».

Espainiako banderaren auzia dela eta, EH Bilduk bere haserrea adierazi du Kronikara bidalitako prentsa oharrean: «Dato­zen egunotan bandera espainiarra ikusiko dugu gure udaletxeko balkoitik zintzilik eta gure haserrea adierazi nahi dugu inposaketa honen aurrean».

Udalari, berriz, babesa erakutsi nahi diote, «behartuta hartu beharko duen neurriagatik eta Udalaren indefentsioa erabatekoa delako», azaldu dute. Eta gaineratu dute: «Asti­garragan argi dago bandera batek batzen bagaitu, hori ikurriña dela. Hori horrela, ez ge­nuke erabili behar joko politikorako, eta hitzez abertzale garen guztiok alderdikeriak utzi eta ikurriñaren alde, aldarri bakar eta ozena egin beharko genuke». Zentzu horretan, herritarrak zoriondu nahi ditu, ikurriñaren defentsan lanean hasi den herri ekimena dela eta.

Ez ohiko plenoan, mozio adostua
Oposizioari begira, gai honen inguruan EAJ eta H1! alderdiek erakutsi duten jarrera salatu du EH Bilduk: «Ikurriña herritarrena da, ez alderdi politikoena eta arduraz jokatuta, ez genuke bere erabilpen desegokia egin behar». 

EH Bilduk dei egiten die EAJ eta H1! alderdiei arduraz joka­tzeko eta bat egiteko bandera espainiarraren auzian: «Orain­­dik garaiz gaude egindako akatsak zuzendu eta jarrera amankomuna azaltzeko bandera espainiarraren in­posaketaren aurrean. Gai hau ez ohiko ba­tzarrean eztabaidatuko da datozen egunotan, eta mozioa adostu eta aho batez onartzeko dei egiten diegu». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!