«Lan asko izaten genuen orduan»

Kronika - Erredakzioa 2014ko mar. 29a, 01:00

1953. urtean hasi zen Euxebio Alustiza ergobiarra Bostak enpresan lanean; 13 urte zituela. 1985ean enpresa itxi arte ibili zen bertan, «Don Manuel Navarro» nagusi zuela lehenengo, eta haren semea, gero, «Don Jose Manuel Navarro».

Ergobiako Beizama tabernakoa da Euxebio Alustiza. «1940an jaioa naiz ni, apirilaren 21ean. 13 urte nituela, hemen Bostak enpresako enkargatua bizi zen,  eta hark esan zidan mutil bat falta zitzaiela makinetarako. 53an hasi nintzen lanean; pintxe hasi ginen, laguntzaile, eta gero, makinista».
Horrela kontatzen du hasi zela lanean, eta hala jarraitu zuen, 1985ean enpresa itxi zen arte. 32 urte haietako oroitzapen asko etorri zaizkio burura, bere lantokia izandakoa botatzen ikusita. «Trena egin behar dutela uste dut».

«Langileontzako utzi zuten enpresa, eta hori da dagoenik gauzik txarrena»

Tolosatik etorria
«Don Manuel Navarro genuen guk nagusia. Tolosatik etorri zen. Han bazuen inprenta txiki bat, eta hura utzi eta etorri egin zen. Bost sozioren artean egin zuten sozietate anonimoa. Hor­tik etorriko zen izena! Horrela jarri zuten martxan Bostak, bost nagusiren artean. Bera, Don Manuel Navarro, oso langilea zen, oso ona, eta obrerooi beti laguntzen zigun lanean».
Euxebio Alustizak paperarekin egiten zuen lan. «Lan asko!». Bereziki, Gabonetan. «Lego­rre­tatik, uste dut, ekartzen ziguten papera. Bai. Papera egiten ziguten ekarri, eta guk egiten genuen inprimitu. Gabo­netako horrelako gauzak egiten genituen, paper finak dibujoekin Erregeetarako eta pastelerietarako. Lan asko egiten genuen. Beti orduak sar­tzen! Gutxitan egoten ginen 8 ordutara; 16 ordu edo 12 egiten genituen, eta batzuetan gauetan. Jaietan ere asko joaten ginen. Eta lana, presazkoa, izaten genuen beti urri bukaeran, azaroan eta abenduan; Gabonak!».

«Urtean bitan edo, izaten genituen uholdeak»


Beste sekzio batzuetan plastikoa egiten zutela gogoratzen du; poltsak. Eta beste batzuetan, serigrafia, grabatuak... «Hemen onenak ziren, Valverde eta Bostak».

Enpresa famatua
Bostak enpresak berehala lortu zuen fama. «Oso famatua zen, ondo ordaintzen zuten eta lan asko izaten genuen. Gu oso gustora aritu ginen. Igual izango ginen 120 edo 130. Ema­kumeak ere asko izaten ziren lanean. Ergobi eta Astigarra­ga­ko jende asko ginen; Hernani­tik ere asko, Olanotarrak eta, Enrike Esteban eta... Asko! Asko! Eta Burgos, Palencia, Valladolid... aldetik ere bai». Izan ere, Alustizaren ustez, «enpresa langileekin oso ondo portatu zen. Garai hartan suertea izan behar zen lanerako, lana lortzeko, eta nik ez det sekula ikusi inor bidaltzen; ez konparazio batera, orain bezala».

«Espainia guztian saltzen zen. Garai hartan fama izugarria izandu zuen»


Fama haundia eta ona lortu zuen Bostak enpresak, bai, eta ez langileen artean bakarrik. «Espainia guztian saltzen zen: Madrilen eta, Bartzelonan eta, beno! Garai hartan fama izugarria izandu zuen!».

Uholdeekin lanak!
32 urte lanean pasata, gertaera asko gogoratzen ditu Euxebio Alustizak, baina bereziki gogoratzen ditu uholdeak. «Urtean bitan edo, izaten genituen uholdeak! Tristea izaten zen: almazena beteta eta uholdeak sartzen ziren. Beti bilatzen zen bodega bajuago errioa baino. Eta hartu bobina bizkarrean eta, ez minik eta ez ezer! Aszensoreak ez zuela funtzionatzen eta... 3 bonba edukitzen genituen, baina urak gehiago sartzen ziren bonbak ateratzen zituenak baino, eta agoantatu egin behar! Asegurua, nonbait, oso ona zuten eta molda­tzen ziren».

«Oso famatua zen, ondo ordaintzen zuten eta lan asko izaten genuen. Gu oso gustora aritu ginen»

Ederki asko dakite Ergobian uholdeak zer diren. «Hemen ezagutu dugu, Ergobin festak, eta bat ere euririk egin ez, eta uholdeak! Goizuetatik abixa­tzen ziguten, han mendi asko baitago ura pilatzen dena: hemen euria egin eta egin ari da!, esaten ziguten, eta handik 3 ordutara, Ergobin, dena urez betea! Askotan».

Aitak semeari; semeak langileei
Bostak enpresako lanak, ordea, noizbait bukatu egin ziren.
«Don Manuel Navarrok se­mea ingenieroa zuen, CAFen, Beasainen aritzen zen lanean. Aita egin zen zahartu, ez zuen utzi nahi baina, zahartu! 83 urte edo, izango zituen. Semea jarri zuen. Aitaren errespetua eta lana galtzen joan zen poliki-poliki. Aurrerapen teknikoak ere ez zituen egin. 10 bat urte egingo zituen eta egun bat ona ez genuen pasa. Aita bai, horretarako jaioa baitzen aita! 09:30etan etorri eta langile guztiak saludatzen zituen, egiten zuen jendearekin hitz egin. Baina hau ez. Despatxotik ez zen mugitu ere egiten. Beste gauza batzuetarako bai baina... Konparazio batera, ingenieroek ideiak bai baina... Orduan egin zuen utzi. Navarroren so­zioek alde egin zuten eta se­mea gelditu zen bakarrik.

«Ergobi eta Astigarragako jende asko ginen; Hernanitik ere asko,  eta Burgos, Palencia Valladolid...»

Enpresa ixtea gertatu zen abuztuan, 85ean. Langileon­tza­ko utzi zuten en­presa, eta hori da dagoenik eta gauzik txarrena. Batzuek presa zuten saltzeko, beren herrietara bueltatzeko, eta gaizki saldu genuen. Kontratista batek har­tu zuen pabilioia, baina beti itxita egon da. Orain ematen du trena egingo dutela. Rezolako zentrala zena ere, porlana egiten zutena, bota dute, eta errioaren beste aldean dudan terrenoan ez dute permisorik ematen ezer egiteko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!