Liga podiumean bukatuta, Txapelketari begira orain

Kronika - Erredakzioa 2014ko api. 5a, 02:00

Arraunlari hernaniarrak lan paregabea egiten ari dira denboraldi honetan. Izan ere, lehengo asteburuan bukatu zen Gipuzkoako Batel Liga, eta bertan, kategoria guztietan lortu du Hernaniko klubak batelen bat podiumera igotzea. Orain, Gipuzkoako Batel Txapelketari begira daude denak.
Txapelketa hau bi egunetan jokatzen da; asteburu honetan, hain zuzen. Gaur, arratsaldeko 16:30etan hasiko da lehia, Pasaian, eta bihar, berriz, 11:00etan, Pasaian baita ere. Egindako denboraldi bikainari errematea jartzeko asmoz joango dira bertara arraunlari hernaniarrak.

Ligako kategoria guztietan, podiumean
Getarian bukatu zen, lehengo asteburuan, Gipuzkoako Ba­tel Liga, eta Hernaniko Arraun Elkarteak maila guztietan lortu zuen batelen bat podiumean sartzea.
Infantil-kadete mailako nesken batelak (promesak) hirugarren egin zuen, 14 talderen artean. Eta podiumera igotako gainontzeko batelek bigarren egin zuten; infatil mutilek 18 talderen artean, kadete mutilek 22 talderen artean, eta absolutu mailako neskek (jubenil eta seniorrek osatua) 5 talderen artean. Emaitza ezin hobeak.

Eguraldiaren kapritxora ibili den Liga
Eguraldia ez dute alde izan arraunlariek denboraldi ho­netan. Horrela, Gipuz­koako Batel Liga bederatzi jardunaldik osatu dute, eta tartean lau bertan behera utzi behar izan ditu federazioak, denboraldea zela-eta.
Hala ere, lanean txukun jarraitu du Hernaniko Arraun Elkarteak, eta asteburu honetako Txapelketarako ederki prestatuta daude.


Txapelketan ere, txapela nahi
Den­­bo­raldia borobiltzeko hernaniarrek falta du­ten bakarra da as­teburu honetako Gi­puz­koako Txapel­ketan ere emai­tza onak lor­tzea. Oraingoan behintzat, eguraldia lagun izango dutela ematen du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!