Astigarragan, atez ateko hondakin bilketa sistema martxan jarri zela urtea bete zen asteazkenean; hau da, apirilaren 2an. Orain dela urtebete, lau kontenedoreko bilketa sistema atzean utzi eta atez ateko bilketari bide ematea erabaki zuen Udalak. Urteurrena aprobetxatuz, urtean zeharreko hainbat datu eskura jarri ditu eta baita atez atekoa jarri aurreko datuak ere, konparaketak egiteko. Kronikak zenbait datu bildu ditu. (Gainerako datuak:
astigarraga.gobernuirekia.net).
Bestalde, Gobernu taldearen, oposizioaren, Zero Zaborren eta Astigarraga Garbiaren balorazioei ere leku egin nahi izan die Kronikak, datozen orrietan.
Gaur egun, %17a errefusa
Udalaren datuen arabera, atez atekoarekin, astigartarrek hondakinen %82,95a biltzen dute gaika eta lehen, lau kontenedorerekin, %29,16a. Beraz, gaur egun, %17,05a da zabortegira doan errefusa eta lehen, %70,84a.
Ontzi arinetan,
inpropioak %4,28
Hondakinen karakterizazioak ere egiten ari da Udala, sailkatzen dena ondo egiten den ikusteko eta zertan hobetu behar den jakiteko. Orain arte, ontzi arinena bakarrik egin du (errefusarena martxan dago). Datuen arabera, ontzi arinetan inpropioen bataz bestekoa, %4,28koa izan da.
Defizita jaistekotan
Bilketa sistemaren defizitari dagokionean, 2012an, lau kontenedoreko sistemarekin %35a zen defizita. 2013an, %42koa izan da defizita. 3 hilabetez, lau edukiontzirekin funtzionatu du Udalak eta 9 hilabetez atez atekoarekin. 2014an, atez atekoa osotasunean ezarrita, defizita %36ra jaitsiko dela aurreikusten dute.
Defizita 2009tik jaisten joan zen 2012ra arte. Urte horretan, azken urteetako bajuena izan zen (%35). 2011n, berriz, %43a zen, gaur egun baino zertxobait gehiago.
Tasak berriz, igotzen joan dira urtez urte, azken hiru urteetan izan ezik: 2012, 2013 eta 2014an mantendu egin dira tasak.
567 herritarrek autokonposta
Azken datuen arabera, organikoa autokonpostatzen dutenak 567 dira, herritarren %10. Horietatik 441 astigartarrek beraien etxean egiten dute autokonposta, eta beste 42 familiek, 126 herritarrek, auzokonposta guneak erabiltzen dituzte. Bi auzokonposta gune daude herrian, eta Udala hirugarren bat jartzekotan da Arrobitxulon.