Olinpiadak ez dira oraingo kontua Hernanin; Zirilok ondo daki hori. Lehengoak eta oraingoak konparatuta, dena ez dela aldatu dio; gauza onek, «herria aktibatzeak», adibidez, hor jarraitzen dute.
Nolakoak izan ziren zuretzako 88.urteko olinpiadak?
Oso potenteak izan ziren, herria aktibatu zuten. Jende askok parte hartu zuen, oroitzapen onak dauzkat.
Ze gogoratzen duzu Olinpiada haietaz?
Herrian sortzen den giroa, elkarlana, jendea beste modu batera ezagutzeko daukazun aukera, ze bestela, tabernetan bakarrik egiten da bizitza.
Gogoratuko zinateke ze taldetan parte hartzen zenuen?
Deskapos taldean. 20 urte nituen orduan.
Eta gero 2010. urteko olinpiadetan ere parte hartu zenuen?
Bai, 88 eta 89. urteetan parte hartu nuen, hurrengo urteetan ez. Eta gero berriz, 2010.urtean.
Eta aldaketa haundia ikusi duzu olinpiadetan?
Bueno, ni ere asko aldatu naiz. Nik beste modu batera bizitzen ditut gauzak orain. Baina gustatu zait jendea eta generazio ezberdinak ezagutzeko aukera.
Zer edo zer aipagarria 2010 eta 2012.urteetako olinpiadez?
Oso potentea iruditzen zait azkeneko eguna, Ereñotzukoa; jende asko juntatzen da eta oso ikusgarria da.
Aurten parte hartzeko asmorik?
Ez, ez, aurten balleta (barrez).
Ballara pasata, ez zara inbidiatan gelditzen?
Ez, duela bi urte generazio alde handia zegoen eta deskolokatu xamar sentitzen ginen.
Azkeneko bi olinpiadetan lehiakortasun haundia egon da. 88an horrela zen?
Bai, eta askoz gehiago! Garai hartan ekipoko kirol asko egiten genituen:, futbola, rugbya, eskubaloia... Pentsa, saskibaloian mutur joka hasi ziren batzuk. Konpetitzera joaten ginen. Konpetitzea ez dago gaizki, nola bizi duzun da kontua. Gaizki bizi baduzu... Badakit askotan horren inguruan eztabaidatzen dela. Imajinatu ze konpetizio maila zegoen: proba batzuk neskentzat ziren eta beste batzuk mutilentzat. Futbola mutilentzako eta futbola neskentzako, adibidez.
Zeinek irabazi zituen 88ko olinpiadak?
Ez naiz gogoratzen. Gogoratzen dudana da antolatzaileek sariak ematen zituztela afari batean, antzerkia eginez. Azkeneko afari hori oso polita izaten zen: frontoian 500 pertsona inguru biltzen ginen, denak kamiseta berdinarekin, afari-herrikoiean. Ondoren, sari banaketa eta antzerkia. A! Eta olinpiadetako figurita batzuk ere egiten ziren.