«Bertsoaren alde egindako guztia, gustoz egin dugu»

Kronika - Erredakzioa 2011ko mar. 20a, 01:00

«Deitu diguten guztietan gustora joan izan gara. Bazkari, afari edo mokadu baten trukean kantatu izan dugu; ez dugu gehiagoren beharrik izan». Aterpe eta Garin bertsolariak izendatuko dituzte gaur Oho­rezko Kofrade, Hernaniko To­la­re Kofradiaren XVIgarren kapituluan. Herna­niko bertsolari­tzaren alde egin duten lana eskertu nahi izan die Tolare Kofradiak, bertsoaren urterik zailenetan bultzada bat ematen lagundu zutelako.
Afizioa txikitatik datorkie bi hernaniarrei, eta beren kasa, lagunartean, asko kantatutakoak dira. 1977-78an hasi ziren jende aurrean kantatzen, eta geroztik Hernaniko festa eta erronda gehientsuenetan kantatu dute.

Bertsoak buruz ikasten,
eta kalean kantatzen

Julian Ezeiza Aterpek (1929an jaioa, Balantxa baserrian) txikitatik du bertso afizioa. 16-17 ur­te­rekin, bertso liburuak erosi eta buruz ikasten zituen: «Lehe­nen­go ikasi nituen bertsoak Kar­me­lo Labaka Hernaniko apaizak idatzitako bertso liburu batekoak ziren. Geroztik, Basarrirenak ere asko irakurri eta ikasi nituen: Atano IIIri atera zizkion 165 bertsoak ikasteraino iritsi nin­tzen. Gerora ere gehienak lardaskatzen nituen buruz».
Antton Garin (1942an jaioa, Andre Kalean) kaleko semea da, eta hantxe ikasi omen zuen ber­tsotan, lagunartean. Olegario Garin bertsolari famatuaren biloba izaki, berari ere Olegario askok deitzen diote. «Gure aitona Olegario, Txirritaren oso la­gu­na zen. Astoa eta karroa nola baitzitun, Txirrita plazaz plaza hark ibiltzen zuen. Gure aita ere bertsozale amorratua zen, baina guk, batez ere, kalean ikasi ge­nuen», dio Garinek. Aterpe ere halaxe ezagutu zuela dio Ga­rinek. «Gu Leku Xar tabernara maiz etortzen ginen. Aterpe­ren etxe parean geratzen zen Leku Xar, eta gu bertsotan entzunda, Julian berehalaxe etortzen zen: -Julian! Bota zak bertsua!».  

Bertsoa, bukaeratik hasita
Beren kasa ikasi zuten bertsotan Aterpek eta Garinek, eta gero, Amurizak Hernanin eman zuen ikastaro jendetsu hartan hobetu zituzten beren dohaiak. «Bukae­ra pentsatuta hasi behar zela ber­tsotan esan ziguken Amuri­zak. Ni hasi egiten niñun, eta bu­­kaerara iristean, orduan la­nak! Gero, azkar jarri niñun bu­kaera pentsatuta hasten», adierazi dio Kronikari, Aterpek.

Hernaniko Txapelketa
Jende aurrean 1977an hasi ziren kantuan Aterpe eta Garin, eta handik laister 1978an Herna­ni­ko Lehenengo Txapelketa egin zu­ten. Aterpek irabazi zuen. 1979an ere egin zen Hernaniko Txapelketa, baina denetan jendetsuena 1980an Usurbilen kontrako apustua izan zen; Gala­rre­tan 1.000tik gora lagun bildu omen ziren, eta Usurbilek irabazi omen zuen. «Justu giñun. Kar­tzelakoan galdu giñun, piper-potoari kantatzeko galdetu, eta batzuk zer zen jabetu ez. Usurbilgoak berriz bai».

Auzoko festak berpizten
Hernaniko bertsoa berpiztu zuena Joanjo Uria izan zela dio Antton Garinek. «Hark izan zuen ideia, denak elkartzeko, ikastaroa egiteko, eta abar. Or­duan hasi ginen biltzen: Ar­gi­ñarena, Sansonategi, Olano Ereñotzukoa, Tapia, Iña­ki apaiza... Tturko ere ondo moldatzen zan!». Gero, Olano hil zenean, haren omenez taldea sortu zu­ten Hernanin, kultur ekitaldiak egiteko eta abar. Bertso saioak antolatzeko ardura beraiek hartu zuten. «Antolatu genituen saio mordoxka bat, orduztik». Baina batez ere, auzoko festa eta errondetatik dira ezagunak Aterpe eta Garin. «Zikuñaga, Portu, Santa Barbara... orduan ere dirurik ez zen, eta festa herritarrekin egiten hasi ginen. Festa dezente berpiztu ziren orduan!». Santa Ageda errondak, Txantxangorri eta Elur Txoriko sagardo txapelketak... Hernaniko bertsolaritzan, Aterpek eta Garinek ezinbesteko lekua izan dute, eta izango dute oraindik ere! 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!