Gazte Txokoa zabalik izanen da, astebururo bezala

Kronika - Erredakzioa 2014ko api. 5a, 02:00

Astebururo bezala, ateak za­balik izanen ditu gaur eta bihar Gazte Txokoak. 12-16 urteko gaztetxoei zuzendutako txokoa da, guraso elkarteak martxan jarria. Bertan, mahai jokoak, ordenagailuak, musika ekipoa... dituzte gaztetxoek. Ordutegia honakoa da: larunbatetan, 17:00etatik 20:30etara eta igandetan, 17:00etatik 20:00etara.

Alkoholari buruzko hitzaldia antolatzeko asmoa
Tarteka, ekintza bereziak antolatzen dituzte Gazte Txokoan. Inauterien atarian, adibidez, Joxe Mari Narbarte zahagia izandakoa hurbildu zen bertara, garai bateko zahagi dantzaren berri ematera. Horrez gain, irteerak ere egin izan dituzte: Donostiako Txuri-Urdinera, mendira... Orain, Aste Santuari begira, alkoholari buruzko hi­tzaldi bat antolatzekotan dira.

Orain dela lau urte sortua
Gazte Txokoa orain dela lau urte jarri zen martxan, Igor Elizegi Guraso elkarteko lehendakari zenean. 12-16 urteko gaztetxoentzat deus ez zegoela ikusirik, lokal bat egokitu zuten.
Bertan 39 gaztetxo elkar­tzen dira, denak ere bertakoak edo nolabaiteko lotura dutenak Goizuetarekin. Apuntatu egin behar da eta gurasoen baimena beharrezkoa da.

Ardurak hartzen ikasten
Guraso elkartetik azaldu dutenez, gaztetxoek ongi pasatzeko tokitxoa izateaz gain, aldi berean ardurak hartzen ikasten dute. Izan ere, herriko ekintzetan elkarlanean aritzen dira beste taldeekin batera. Parte hartzen dute, adibidez, Feri eguna prestatzen, Inaute­rietan... Horrez gain, txandaka arduratzen dira atea ireki eta ixteaz, eta lokala garbitzeaz.
Gazte Txokoan, komisio bat osatua dago: Arrate Etxeberria (Guraso elkartea), Koro Villar eta Elena Garcia (gurasoak), eta Ander Apezetxea, Ioritz Elizegi, Leire Iribarren eta Araia Uitzi (gaztetxoak).

Txikienentzat Goxali, astelehen eta ostiraletan
Guraso elkarteak, Goxali izeneko (GOizuetako XAlto LIbu­rutegia) beste atal bat ere badu 3-12 urtekoentzat. Gazte Txokoak baino urte gehiago daramatza martxan. Liburu­tegi bezala hasi zen eta orain eskulanak, jokoak eta bestelako ekintzak egiten dituzte. Alde batetik, astelehenetan izaten da: 17:00etatik 18:00etara, 3-5 urtekoentzat; eta 18:00etatik 19:00etara, 6-10 urtekoentzat. Eta bestetik, ostiraletan, 18:00etatik 19:00etara, 10-12 urtekoentzat da eta liburutegi bezala funtzionatzen du edo etxeko lanak egiteko aprobe­txatzen dute.
Bi begirale egoten dira. Guraso elkartearekin batera, Dindaia fundazioak ere parte hartzen du.
Hilabetean behin, berriz, txikienek gurasoekin jolasteko aukera izaten dute. Beste begirale batekin izaten da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!