«Bertako eta nazioarteko egileen artean bigarren geratzeak meritu haundia du»

Kronika - Erredakzioa 2014ko api. 5a, 02:00

‘Apustua’ izeneko lanarekin Portugaleteko Uri Urena komiki lehiaketako bigarren saria jasoko duzu gaur. Sorpresa?
Sorpresa izan da, bai. Egin­da­ko lanarekin nahiko gustora ge­ratu nintzen eta agian bi­ga­rren mailako sariren bat ja­so­tzeko esperantza txiki bat ba­nuen, baina ez nuen espero bigarren sari nagusia ira­baz­tea.

‘Apustua’ da izenburua. Nondik ideia?
San Telmo museoan harriari bu­ruzko erakusketa bat egon zen joan den urtean. Zu­zen­da­riari entzun nion irratian, joan den mendera arte, ia baserri guz­tietan izaten zela harri haun­diren bat. Gazteak harri haien bueltan bildu eta apustuak egiten omen zituzten; eta horrela hasi omen zen harrijasotzaile tra­di­zioa. Kon­tes­tu ho­rre­tan girotutako istorio bat egi­tea erakargarria iruditu zi­tzaidan eta hortik etorri zen beste guztia. Am­odioa, lehia...

Euskal Herriko lehiaketa inportanteenetakoa da. Ze suposatzen du sari honek?
Harro sentitzeko moduko zerbait da. Sari ekono­mi­koaz gain, lanean jarraitzeko motibazio izugarria da. Kon­tuan izan Eus­kal Herria, Es­pai­nia eta Hego-Amerikako egileen lanak izaten direla; joan den urtean 200 bat inguru. Bigarren postuan gera­tzeak meritu haundia duela uste dut, eta batez ere errekonozimendua da inportantea.

Joan den urtean, lehiaketa berean, Euskarazko egile onenari accesit saria jaso zenuen. Halako sariek onuraren bat ekartzen al dute?
Egia esan, ez. Komiki lehiaketek, Euskal Herrian behintzat, ez dute oihartzun handiegirik argitaletxeetan edo lana sor­tzean. Horretarako ilustrazio lehiaketetara jo behar da, bai­na hori beste istorio bat da.

Komikigile bat bizi al liteke komikiak egitetik?
Komikiak egitetik ez. Marraz­kilari bezala tailerrak, hitzaldiak, lehiaketak, kolaborazioak etabar egiten badituzu agian bai. Horretarako ordea, beste pausu kualitatibo bat eman behar da: album bat edo comic-book bat publika­tzea lortu, adibidez. Zure izenak ezaguna izan behar du.

Zer duzu orain eskuartean?
Udan ar­gi­taratuko da ilustra­tzaile gisa egin dudan azken lana, Iñaki Zubeldiak idatzitako Kanguruak zootik ihesi ipuina. Lan eskasia horrek animatu ninduen lehiaketetan parte hartzera, eta urtean laura aurkeztuko naiz. Orain Basauriko Ganorabako lehiaketan aurkeztu dut komiki bat eta ea zortea dudan!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!