HAMAZAZPI puntuko aldeari buelta eman eta partidua irabazteko zorian izan zen atzo Hernani; azken minutuan ordea, Atletico Madrid nagusitu zen; 31-30. Maldan gora hasi zen neurketa: Ekhi Aranburuk txartel horia jaso eta bat gutxiagorekin geratu ziren. Kikiltzeko asmorik gabe, egoerari aurre egin eta Jon Olanok entsaioa egin zuen 16. minutuan. Berdintasuna zen nagusi jokoan eta gorabeherak markagailuan. 27. minutuan Cloppetek entsaioa, eta Balbinek gauzatu egin zuen. Atsedenaldian 7-5 aurretik ziren madrildarrak.
Bigarren zatiko hasierako minutuak madrildarrenak izan ziren. Hasi eta berehala Balbinek entsaioa egin eta gauzatu zuen. Zigor kolpeekin egin zion Hernanik aurre, Madrildarrek hartutako aldeari. Garaipen gosea nabari zen zelaian, eta Balbinek eta Canosak bi entsaio egin, eta Balbinek biak gauzatu zituen.
10 minututan, buelta
Hernanik ez zuen amore eman, eta 17 puntuko aldeari buelta eman zion 10 minututan, hiru entsaio egin zituzten, Agirrezabala eta Otegik, eta Genuak gauzatu. 28-30 ziren aurretik 80. minutuan. Luzapenean ordea, Balbinek zigor kolpea gauzatu, eta madrildarrentzat izan zen garaipena.