«Zaborraren %36a ez da herrian jasotzen, herritar askok egiten du protesta isila»

Kronika - Erredakzioa 2014ko api. 5a, 02:00

Astigarraga Garbiak dio inposaketaren urteurrena izan dela eta balantze tristea egiten duela.

Atez atekoaren urteurrena, inposaketaren urteurrena izan dela dio Asti­garraga Garbia plataformak: «Urtea bete da As­ti­ga­rragako Bilduren udal gobernua he­rri­an bizi garenoi gure zaborrak atez ateko sistemaz jasotzera behartzen hasi zenetik. AG plataformaren ikuspegitik ez da­go ezer onik ospatzeko, guztiz alderantziz».
Eta gaineratu du: «Gobernatzeko modu berria izango zuela esan zigun Bilduk astigartarroi 2011n, alkatetza gehiengo absolutuz lortu zuenean. Bai zera! Zaborraren kontuan behintzat ez. %80tik gorako birziklatze tasa lortuko zela lelotzat hartuz, atez atekoa ezartzea erabaki zuen Bilduren gobernuak, astigartarron interesak ahaztu eta ezker abertzalearen interesak hobestuz. Bilduk atez atekoaren miraria justifikatzeko, txostenak bilatu zituen, hitzaldiak antolatu ziren eta foiletoak banatu zituzten». Astigartar asko eta asko kezkatzen hasi zirela azaldu du, «Hernaniren antzera herria zintzilikarioz eta zabor poltsez beteko zitzaigulako». Plataformatik azaldu dutenez, herritar horien kezkari bide emateko sortu zen Astigarraga Garbia plataforma: «Eta inposaketari aurre egiteko asmoz, 2012ko azaroan sinadura bilketa bultzatu genuen. Bost astetan, notario bidez ziurtatu ziren 1675 sinadura jaso genituen, 2012ko hauteskundeetan bozkatzera joan ginenon %70a. Baina Bilduk ez zituen herritar uholdearen sinadurak kontuan hartu eta duela urtebete inposatu zitzaigun atez atekoa», azpimarratu du. Atez atekoa martxan jartzeko diru pila bideratu dutela dio: «Garbitaniako akzioak erosi, inbertsioak (posteak, kuboak, larrialdi guneak…), marketin kanpainak… milioi bat euro inguru».

Garestiagoa
Honen aurrean, plataformak ez duela herritarren haserrea erabili nabarmendu du: «Plataformak ez du sekula boikoterako deirik egin. Nahiz eta atez atekoa inposatua izan, nahiz eta gure bizitzetan inkordio bat izan, nahiz eta garestiagoa den». Hala ere, herritar askok egiten dutela protesta isila gaineratu du: «Udalak berak eman dituen datuek adierazten dute atez atekoa jarri diguten urte honetan, Astigarragan sortzen den zaborraren %36a ez dela orain herrian jaso­tzen. Herritar askok bilatu dute modua beraien intsumisio partikularra egiteko, beraien protesta isila egiteko». 
Beraz, urteurrenaren balanze tristea egiten duela azaldu du: «Astigar­tarrak sistema garestiago bat finantziatzen ari ga­ra, zaborraren %53a besterik ez jasotzeko. Ez dago ezer onik ospatzeko. Inpo­saketak ez baitu sekula ezer onik ekartzen». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!