Iparraldeko pelotariak aurkari, gaur arratsaldean Iruran

Kronika - Erredakzioa 2014ko api. 5a, 02:00

Txukun ari dira hiru astigartarrak trinketean, GRAVNI Txapelketan. Gaur Iparralderen kontra jokatuko dute, 14:30etan hasita, Iruran.

GRAVNI Txapelketako 4garren partidua jokatuko dute gaur hiru pelotari astigartarrek. Iparraldekoak izango dituzte aurkari, Irurako frontoian, arratsaldeko 16:30etatik aurrera. Argoitz Otaño jubenilarena bigarren partidua izango da, eta Oier Gurutzealde eta Xabier Barandiaran bikotearena, arra­­tsaldeko seigarrena.

Lesionatu arren, beti aurrera
Sub22 mailan, bikoteka elkarrekin jokatzen ari dira Xabier Barandiaran eta Oier Guru­tzealde, GRAVNI Txapelketan. Argoitz Otaño, berriz, jubenil mailan ari da Xabier Azpiroz oiartzuarrarekin. Trinketean dabiltza denak.

Urtero esaten da, baina aurten ekipo ona daukagu, konpletoa, lehengo urtean baino hobea

Barandiaran eta Guru­tze­al­dek bi partidu irabazi (Araba eta Bizkaiaren aurka) eta bat galdu (Nafarroaren aur­ka) di­tuzte orain arte. Gainera, Ba­ran­diaranek ez zuen jokatu lehengo asteburuan Biz­ka­ia­ren kontra, lesio bat medio, baina gaurko prest dago.

Otaño ere eskuko minez ibili da, baina partidu guztiak jokatu ditu. Azkenekoa, Biz­kaiaren kontrakoa, irabazi egin zuen.

Trinketean ondo zaildutako aurkariak gaurkoan

Aurtengo GRAVNI Txapelketan aurkari bat gehiago dago, aurten, lehenengo aldiz, Ipa­rral­deak ere parte hartzen baitu. Hauen aurka jokatuko dute astigartarrek gaurkoan, hain zuzen.

Emoziorik ez da faltako, inondik ere. «Esperantza irabaztekoa daukagu! Baina, ea gero zer egiten dugun!», dio Ba­randiaranek.  Gurutzealdek ere badu esperantza. «Ipa­rraldekoak hobeak izango ote diren pentsatzen dugu, trinketerako ohitura dute-eta... Hala ere, lehengo asteburuan bizkaitarrek irabazi egin zieten!». Eta Otañok berehala galdetzen du: «nere mailan, jubeniletan, ere bai?». Eta Gurutzealdek erantzun: «hori ez dakit!».
Erraza ez da izango, baina aurrera egiteko gogorik ez dute falta astigartarrek.

Herriartekoa, hurrengo helburu
Hiru astigartarrak Mundarro pelota taldekoak dira, eta primeran dabiltza. Barandiaran bera Gipuzkoako azpitxapelduna da, eskuz banaka, 1go mailan. Gurutzealde, berriz, 2garren mailako azpitxapleduna da. Hurrengo helburua herriarteko txapelketa dute. «Urtero esaten da, baina aurten ekipo ona daukagu, konpletoa, lehengo urtean baino hobea».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!