Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak hartutako erabakien berri emateko hitzaldia antolatu dute asteazkenean, apirilak 2. Udal Aretoan emango dituzte azalpen guztiak, iluntzeko 19:00etatik aurrera. Kronikara bidalitako oharrean, Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak egindako adierazpena erantsi dute. Bertan diote, konponbidea egituratu eta iheslariak etxeratzeko garaia heldu dela.
«Sorterritik sorterrira»
Euskal iheslarien kolektiboa anitza eta zabala dela esanez hasten dute oharra: «arrazoi politikoengatik eta jazarpenagatik, mendeetan asko izan dira Euskal Herritik ihes egin behar izan duten herritarrak». Errepresio estrategiak nazioartean zabaldu direla diote: «ia kontinente guztietan, Estatu ugarietan, egoera juridiko ezberdinetan, kokatua dagoen kolektiboa gara. Euskal iheslarien auzia nazioarteko bilakatu da».
«Ekarpena egin nahi dugu»
Gatazkaren gaiari helduta diote, konponbidearen aldeko iniziatiba politiko ezberdinak bultzatu eta aldarrikatu izan dituztela: «gure giza eskubideak eta bizi duintasuna ziurtatzeko bitartekoak jarri ditugu eta norabide horretan, nazioarteko eragile eta pertsona askoren elkartasuna jaso dugu. Horrek kolektiboa egin gaitu. Ekarpenak egin nahi ditugu Euskal Herriak bizi duen gatazkari soluzio demokratikoa emateko, inork gehiagok arrazoi politikoak medio, gure herritik ihes egin behar ez dezan»
«Neurri errepresiboak baztertu behar dira»
Diote, azken urteetan gatazka politiko armatuaren konponbiderako urratsak eta erabaki garrantzitsuak eman direla, eta iritsi dela garaia iheslarien kolektiboaren kontrako neurriak baztertzeko: «Besteak beste, ETA erakundeak behin betiko egin dio uko borroka armatuari eta horrek gatazkaren izaera armatua beste parametro batean kokatu du. Egoera berri honetan akordio politikoak behar dira, gure kontra modu berezian hartu diren neurri errepresiboak baztertu, indargabetu eta berraztertzeko». Bide horretan, lau eskaera egin dituzte: «tortura bidezko deklarazioetan oinarritutako atxilotze aginduak, euroaginduak eta estradizioak bertan behera uztea. Artxibatuta edo bukatuta egon beharko luketen prozedura judizialak bertan behera uztea. Iritzi, adierazpen eta elkartze eskubideen aurka irekitako prozedura judizialak eta ondorioz eratorritako atxilotze eta euroaginduak bertan behera uztea. Eta munduko herrialde ezberdinetan deportatuta dauden euskal herritarren mugimendu askatasuna bermatzea».
Iheslarien egoera azaltze aldera diote, batzuek harrera estatuen naziotasuna edo errepresaliatu politikoaren estatusa dutela; gehienek ordea, ez dutela inongo aitortzarik: «euskal herritarrak gara, eta euskal jendarteari eta agintari politikoei dagokie neurriak hartzea, gure bizitza duina izan eta oinarrizko eskubideak ziurtatu daitezen». Bukatzeko diote, soluzioa sustraiko arrazoi politikoei eta ondorioei soluzioa ematetik etorriko dela: «hala adierazi du euskal gehiengoak. Konponbide garaia da, Euskal Herriari itxaropenez begiratu eta inork gehiago bere sorterritik ihes egin behar ez dezan».